CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko ekintzak antolatu dituzte ludotekak eta topalekuak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 5a, 08:45

Joan den astean itsatsitako karteletako bat.

CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko asmoz, Gazteria Zerbitzuan hainbat ekintza antolatu dituzte maiatzerako. Hitzaldia, azoka eta lasterketa solidarioa egingo dituzte, besteak beste. Lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da, eta dortsal salmentaren bitartez lortutako diru guztia CDKL5 elkarteari bideratuko diote.

Joan den ostiral goizean, koloretako eskuekin eta mezuekin esnatu ziren herriko kaleak. Zenbait horma koloretako eskuekin eta 'Bostekoa emateko prest?' zioen kartelekin esnatu ziren. Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak egindako ekintza izan zen, CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko asmoz.

CDKL5 gaixotasuna 45.000 pertsonatik batek jasaten du mundu osoan, eta ez da "lanketa handirik" egin gaixotasun horren inguruan, Abarketatxo eta Artxamendiren arabera. "Ez da diru askorik bideratzen gaixotasun horren arrazoiak ikertzera eta haur horien bizitza zerbait hobetzeko balio dezakeen tratamendu bat sortzera. Horregatik, gure babesa eman nahi diegu, are gehiago jakinda Azkoitian badela familia bat gaitz horren gorabeherak sufritzen ari dena".

Otsailean hasi ziren Gazteriako bi zerbitzuak gaixotasuna duten familiei beraien babesa ematen. Kantu Kolore musika taldearen laguntzaz, kontzertu solidarioa eskaini zuten Baztartxon. Azkoitian eman zuten ekitaldiko sarreren diru guztia, gainera, CDKL5 elkarteari bideratu zioten. Hala eta guztiz ere, proiektu horretan buru-belarri sartuta jarraitzen dute ludotekan nahiz topalekuan, eta datozen asteetarako zenbait ekintza antolatu dituzte. Batetik, maiatzaren 20an, gaixotasun hori ezagutzen duen familia batek hitzaldia eskainiko du Elkargunean. Era berean, bertako haurrek eta gazteek egindako eskulanekin azoka egingo dute hilaren 23tik 27ra ludotekan.

Lasterketa solidarioa, maiatzaren 28an

Hitzaldiaz eta azokaz gain, ludotekak eta topalekuak lasterketa solidarioa antolatu dute hilaren 28rako, herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz. "Herritarrek aukera izango dute proiektu polit honen parte izateko, beraien ekarpena egiteko eta guztiok batera gaixotasunari ahalik eta ikusgarritasun handiena emateko". Gazteriako zerbitzuek adierazi dutenez, ordea, ez da "lasterketa arrunta" izango. "Ibilbide motza eta erraza izango du lasterketak. Guztiek parte hartzea nahi dugu, haurrek zein helduek edota banaka nahiz familian".

Lasterketan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da aurrez Gazteria Bulegoan edo Internet bidez. Maiatzaren 9tik 15ra bitartean egongo da horretarako aukera. Lasterketarako dortsala Gazteria Bulegoan bertan jaso eta ordaindu beharko da, maiatzaren 23tik 27ra bitartean; halere, egunean bertan ere jaso ahalko da dortsala lasterketa hasi aurretik. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 12 urtetik beherakoek 3 euro. Gazteria Zerbitzuak jakinarazi duenez, jasotako diru guztia CDKL5 elkarteari bideratuko diote.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide