2020. urtean ospatzeko aukerarik izan ez bazen ere, aurten ekainaren 12an ospatuko da XXIV. Zazpi Kurutze mendi ibilaldia. 2018an egin zuten azkenekoz mendi martxa. Egun horretako 04:00etan abiatuko dira mendizaleak Azkoitia inguruko zazpi mendi tontor lotzera. Anaitasuna Mendi Bazkunak dagoeneko ireki du Zazpi Kurutze martxan parte hartu ahal izateko izen-ematea.
Ibilaldian parte hartzeko asmoa dutenek, zirkuitua.com webgunean bitartez edo Azkoitiko Lopetegi Iturgintzan egin dezakete inskripzioa. Ekainaren 6ra bitartean eman ahalko da izen aurrez, 15 euro ordainduta. Aldiz, gehieneko parte hartzaile kopurua –200 lagun– gainditzen ez bada, martxaren egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. Ekainaren 12an, 03:00etik aurrera eman ahalko da izena plazan, orduan 20 euro ordainduta.
Anaitasuna Mendi Bazkunak bi urtetik behin –urte bikoitietan– antolatzen duen ibilbide luzeko mendi ibilaldia da Zazpi Kurutze. 54 kilometro osatu behar izaten dituzte mendizaleek Azkoitia inguruko zazpi mendi gailurretatik igaroz. Azken urteetako ibilbide bera izango du aurtengo martxak, eta honako mendi hauek lotu beharko dituzte mendizaleek: Erlo, Aittola, Zargoate, Hirukurutzeta, Irimo, Izazpi eta Oleta.
Martxaren zerbitzuak
Mendi martxa behar bezala ateratzeko, Anaitasuna Mendi Bazkunak hainbat zerbitzu eskaini ohi ditu. Ibilaldiaren aurreko egunean, Kultur Etxean lo egiteko aukera eskainiko du taldeak. Koltxonetak jarriko dituzte bertan, eta logelara sartzeko aukera 20:00etatik 22:00etara artean egongo da; Kultur Etxean lo egin nahi duenak, ordea, izen-ematean zehaztu beharko du. Ibilbidea osatu ondoren, gainera, parte hartzaileek Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan dutxa hartzeko aukera izango dute.
Ibilbidean zehar sei puntutan jateko eta edateko aukera egongo dela ere zehaztu du mendi bazkunak. Era berean, antolatzaileek azpimarratu dute Zazpi Kurutze dute mendi martxa dela. "Herritarrak animatu nahi ditugu, martxa bakoitzak bere erritmoan eta ibilbideaz gozatuz egin dezan".