Singular Dendak ziurtagiria jaso dute Aizterri Homek eta Noah-k

Maialen Etxaniz 2022ko api. 29a, 12:10

Txaro Alberdi, Ana Azkoitia eta Sara Alonso, Singular Dendak ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. (Azkoitiko Udala)

Bezeroei eskainitako tratu pertsonalizatuagatik bereizgarriak diren saltokiei egiten die aitortza Gipuzkoako Merkataritza Federazioak sustatutako Singular Dendak ziurtagiriak. Aurten, guztira, Gipuzkoako hemezortzi saltokik jaso dute ziurtagiria.

Azkoitiko Aizterri Home eta Noah dendek Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duten Singular Dendak ziurtagiria jaso dute. Singular Dendak ziurtagiriak bezeroei eskainitako tratu pertsonalizatuagatik bereizgarriak diren saltokiei egiten die aitortza. 

Atzo egin zuten ziurtagirien banaketa ekitaldia Donostian (Gipuzkoa), eta bertan izan ziren Aizterri Homeko arduradun Txaro Alberdi eta Noah dendako Sara Alonso. Alberdik eta Alonsok Azkoitiko Udaleko Merkataritza zinegotzi Ana Azkoitiaren eskutik jaso zuten aitortza atzo. “Bi eredu dira. Aizterriren kasuan, familiako laugarren belaunaldiak hartu du dendaren ardura. Noah, berriz, ibilbide berriko saltokia da. Eta biek asmatu dute denbora berrietara egokitzen”, adierazi zuen udal ordezkariak.  Azkoitiaren hitzetan, “produktuez haratago, esperientzia, bezero-esperientzia, eskaintzen dute bi saltokiek. Bezeroaren aldartea ukitzen dute. Nortasuna darie ertz guztietatik”. 

Guztira, Gipuzkoako hemezortzi saltokik jaso dute aurten Singular Dendak ziurtagiria: Azkoitiko Aizterri Homek eta Noah arropa dendak, Azpeitiko Txintxu gozotegiak, Donostiako Aines, Alboka artisautza, Choc-Arte, Kies, Maman Bebe, MH World, Muguet, Petit Comite, Sombrereria Leclercq eta Usoa haur denda, Eibarko Gigil Design Studio eta Zarauzko Aurora Miralles, Cazalis eta Veronica Cazalis estetika eta kinesologia zentroa. 

Dagoeneko 223 saltokik dute Singular Dendak ziurtagiria. Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren arabera, Gipuzkoako kaleak "dinamikoago egin", eta "originaltasunagatik" nabarmentzen diren saltokiak dira Singular Dendak: "Arreta deitzen duten eta erakartzen duten dendak dira, bezeroa erabaki guztien erdigunean dagoen saltokiak, eta haiekin konplizitatea sortzea dute helburu".

Singular Denak ziurtagiria jaso duten saltokietako ordezkariak eta erakunde sustatzailetako ordezkariak, atzo, Donostian. (Gipuzkoako Merkataritza Federazioa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide