Larunbateko duatloi probek trafikoan eragingo dute, goizean nahiz arratsaldean

Ane Olaizola 2022ko api. 27a, 14:00

Udaltzaingoak adierazi duenez, lasterketek "ahalbidetzen" duten heinean normaltasuna mantenduko dute, baina zenbait unetan "saihestezinak" izango dira trafiko mozketak. Bidegurutzeetan egongo diren boluntarioen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideak errespetatzeko eskatu die antolatzaileek herritarrei.

Larunbatean hainbat duatloi proba jokatuko dituzte herrian, eta horiek eragina egingo dute zirkulazioan. Udaltzaingoak adierazi duenez, ahalik eta eragozpen gutxien eragiten saiatuko dira, eta lasterketek "ahalbidetzen" duten heinean normaltasuna mantenduko dute, baina zenbait unetan "saihestezinak" izango dira trafiko mozketak.

Goizean, 09:30etik aurrera, duatloi probak jokatuko dituzte benjaminek, alebinek, aurrebenjaminek zein infantilek, plazan hasi eta herrigunean zehar. Lasterketa horiek Altzibarrera iritsiko dira, eta beraz, auzo horretan eta Kale Nagusian "puntualki" trafikoa moztuko dute, eta ibilgailuak Oteiza pilotalekuetara bideratuko dituzte.

12:30ean, berriz, supersprint distantziako proba herrikoia jokatuko dute, eta 15:45ean Azkoitiko 19. Duatloia hasiko da, biak ere plazatik. Proba horiek irauten duten bitartean, herrigunera sartzea eta handik irtetea "konplexua" izan daitekeela adierazi du Udaltzaingoak, eta herrira sartzeko Maxi Eroskiko aurreko biribilgunetik egitea gomendatu du, ondoren Ugalde ibilbidea hartu eta Santa Klara auzotik herrigunera iristeko. Tarte horretan, errai bai libre edukiko dute ibilgailuek. Herritik irten nahi dutenek, berriz, saihesbidetik egin beharko dute, Elgoibar aldera joateko biribilgunetik, hain zuzen ere.

Antolatzaileek "pazientzia" eskatu diete herritarrei, eta bidegurutzeetan egongo diren boluntarioen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideak errespetatzeko eskatu die.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide