Mendizaleek Kakuteko eguna ospatuko dute igandean

Ane Olaizola 2022ko api. 27a, 11:18

Maiatzaren lehenarekin ospatuko dute mendizaleek Kakuteko eguna, eta trikitilariek girotuko dute goiza. Horrez gain, salda eta pintxoak banatuko dizkiete mendizaleei, eta oroigarriak emango dizkiete umeei.

Anaitasuna Mendi Bazkunak urtearen hasieran iragarri moduan, aurten ez du hutsik egingo Kakuteko egunak, eta ohi bezala, maiatzaren aurreneko igandean ospatuko dute mendizaleek eguna. Hori hala, datorren iganderako, maiatzaren 1erako, hainbat ekintza prestatu ditu elkarteak Kakuteko kurutzean: 10:00etatik aurrera, Aizpurutxo anaiak eta Agirre trikitilariak arituko dira Azkoitiko mendi tontor horretan girotzen, eta antolatzaileek hango txabolan salda eta pintxoak banatuko dizkiete mendizaleei. Horrez gain, ikasturtean zehar Zazpi Kurutze mendi martxaren ibilbidea osatu duten umeei oroigarriak banatuko dizkiete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide