Coviran Granada liderrari irabazita, salbazioa gero eta gertuago du Juaristi ISBk

Ihintza Elustondo 2022ko api. 25a, 10:34

Juaristi ISBren eta Coviran Granadaren arteko neurketako une bat. (Mikel Amenabar)

Garaipen garrantzitsua erdietsi du Juaristi ISBk: 74 eta 62 irabazi dio Coviran Granada liderrari. Jaitsiera postuetatik ateratzeko behar-beharrezkoak izango dira neurketan eskuratutako puntuak, baina oraindik ere sailkapeneko azken hiru postuetan da Iñaki Jimenezen taldea. Dena den, puntu kopuru bera du sailkapenean aurretik duen CB Prat taldeak.

Juaristi ISBk partida garrantzitsua jokatu zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Izan ere, jaitsiera postuetatik atera ezinda jarraitzen du taldeak, eta ez zuen erronka makala atzokoa: sailkapenaren buruan den Coviran Granadaren aurka neurtu zituzten indarrak. Partida zaila izango zela bazekiten arren, neurketa guztian zehar markagailuan aurretik joan ostean, 74 eta 62 irabazi zuten Iraurgikoek.

Atzoko partidan eskuratutako puntuak jaitsiera postuetatik ateratzeko behar-beharrezkoak izango diren arren, oraindik ere sailkapeneko azken hiru postuetan da Iñaki Jimenezen taldea; zehazki, hamaseigarren postuan. Dena den, koska bat gora egin dute Iraurgikoek; izan ere, partida kopuru bera jokatuta eta puntu kopuru bera poltsikoratuta dago sailkapeneko hamabosgarren taldea: CB Prat taldea, hain zuzen ere. Beraz, pixka bat gertuago dute salbazioa. Lau jardunaldi gelditzen dira Urrezko LEB ligaren fase erregularra bukatzeko, eta badute tartea Iraurgikoek helburua lortzeko.

Atzoko neurketan, Ibon Guridi izan zen saskiratze gehien egin zuen jokalaria: guztira, hamasei puntu erdietsi zituen hark. Neurketako jokalaririk onena, bestalde, Dijkstra izan zen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide