Hutsik dauden merkataritza lokalak "berraktibatzeko" dirulaguntza deialdia ireki du udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 21a, 09:12

Lokal hutsetan "aktibitate ekonomikoa jarri" nahi duten edota "aurretik martxan dauden komertzioei jarraipena emateko gogotsu dauden ekintzaileei zuzenduta" daude laguntzak, eta alokairua ordaintzeko izango dira. Abenduaren 2ra arte aurkez daitezke eskaerak.

Herrian hutsik dauden merkataritza lokalak "berraktibatzeko" dirulaguntzen aurtengo deialdia ireki du Azkoitiko Udalak. 2016an eman zituen lehen aldiz laguntza horiek udalaren Merkataritza sailak, herriko merkataritza suspertzeko ekintza gisa. Lokal hutsetan "aktibitate ekonomikoa jarri" nahi duten edota "aurretik martxan dauden komertzioei jarraipena emateko gogotsu dauden ekintzaileei zuzenduta" daude laguntzak, eta horien onuradunek alokairua ordaintzera bideratu beharko dituzte.

2020ra arte, Alde Zaharreko lokal hutsak biziberritzeko soilik ematen zuen udalak alokairua ordaintzeko laguntza, baina deialdiaren oinarriak aldatu zituzten duela bi urte, eta gaur egun herri osoko merkataritza lokal hutsetara bideratzen dute. "Dirulaguntzen helburua da pizgarri bat eskaintzea negozio bat zabaldu nahi duten ekintzaileei, edota belaunaldi aldaketa egiteko ordua heldu zaien aktibitateei eutsiko lieketenei", azaldu udalak.

Merkataritza lokal hutsen alokairua ordaintzeko dirulaguntzen aurtengo deialdia abenduaren 2ra arte luzatuko da, ordura arte izango da eskaerak aurkezteko aukera; telematikoki egin daitezke eskaerak, udalaren webguneko Tramiteak atalaren bidez, edo aurrez aurre, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan.

Eskatzaileek bete beharreko baldintzei dagokienez, alokairu kontratuaren iraupena gutxienez bi urtekoa izan beharko da. "Bi urte horietan, dirulaguntzaren zenbatekoa hileko alokairu prezioaren %50ekoa izango da gehienez, hilean 250 euroko mugarekin", udalak deialdiaren berri ematerakoan zehaztu duenez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide