Espainiako Ministroen Kontseiluak bilera egin berri du, eta aurrez jakinarazitako erabakia hartu du: bihartik aurrera, musukoa janztea ez da derrigorrezkoa izango toki itxi gehienetan.
Araua bihar sartuko da indarrean, eta dekretuaren xehetasunak ere orduan jakingo dira. Dagoeneko, ordea, eman dituzte zertzelada batzuk Carolina Darias Osasun ministroak eta Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan.
Batetik, musukoak derrigorrezkoa izaten jarraituko du garraio publikoan, ospitaleetan, osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta farmazietan. Lantokietan, erabakia laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuena izango da. Dena den, Osasun Ministerioak maskara erabiltzea gomendatuko du langileen artean 1,5 metroko segurtasun tarterik ez badago eta aireztapen egokirik bermatzerik ez badago.
Bestetik, ikastetxeetan ikasleek ez dute musukoa erabili beharko, baina ministerioak irakasle zaurgarriei maskara erabiltzea gomendatuko die. Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei protokolo berria jakinaraziko die Aste Santuko oporrak amaitu aurretik, eta dekretu berria aztertu ondoren.
Azkenik, jendea pilatzen den gainerako leku itxietan musukoa janztea gomendatuko dute.