Iraurgik ezin izan du bolada txarra eten Valladoliden

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 18a, 09:01

Juaristi ISBK Caceresen kontra jokatutako partidako artxiboko irudia. (Mikel Amenabar)

Juaristi ISBk 86-77 galdu zuen atzo. Bost porrot jarraian kateatu ondoren, Espainiako Urrezko LEB ligaren azken hirugarren tokian dago Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldea, jaitsierako postuetan.

Juaristi ISBk bolada txarrean murgilduta jarraitzen du. Atzo, Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatu zuen Iñaki Jimenezen taldeak. Urrezko LEB ligaren sailkapenaren behe aldean nahikoa gertu zuen aurkariaren etxean, 86-77 galdu zuen Iraurgik, eta horrela, bost jardunaldi kateatu ditu partidarik ezin irabazita.

Neurketaren hasiera ona izan zen Iraurgikoentzat, baina lehen laurdenaren amaieran lortutako abantaila txikiari (19-22) ezin izan zioten eutsi. Bigarren laurdena 26-21 irabazita, atsedenaldian 45-43 aurretik ziren etxekoak. Partida estua, abantaila murritzak nagusi izan ziren lehen zatian, baina atsedenaldiaren ondoren lortu zuten zuloa handitzea Valladolidekoek (25-16 bukatu zen hirugarren laurdena), eta azken laurdena bi puntugatik irabazi arren (16-18), ez zen nahikoa izan Juaristi ISBrentzat.

Bost jardunaldi gelditzen dira Urrezko LEB ligaren fase erregularra bukatzeko, eta badute tartea Iraurgikoek jaitsierako hiru postuetatik ihes egiteko, baina ez dute lan erraza aurretik. Hasteko, datorren asteburuan Coviran Granada liderra hartuko du etxean Juaristi ISBk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide