Maiatzaren Lehenerako hainbat mobilizazio antolatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Langileriarentzat "tradizio politikoa" den egun horretan, "krisi kapitalistan sozialismoaren eraikuntza" aldarrikatzeko aterako dira kalera, lehenik hiriburuetan, eta gero, Urola Erdiko hiru herrietan: 18:00etan Azkoitian eta Zestoan, eta 19:00etan Azpeitian.
Kontseilu Sozialistaren arabera, sozialismoaren aldeko "borroka historikoak" erakutsi du langileriaren bizi baldintzak eta askatasun kuotak "langile antolakuntzaren bitartez" lortu izan direla. "Horren fruitu dira gaur egun ditugun hainbat eta hainbat bizi baliabide. Alabaina, komunismoaren porrot historikoak langileria klase gisa botere organoetatik kanpo utzi du, eta XXI. mendeko krisi kapitalistaren aurpegi gordinenak pairatzen ari gara orain; noski, ekonomikoki, baina baita politikoki eta kulturalki ere. Horren ondorio dira prezioen gorakadak, askatasun eza edota lan baldintza geroz eta okerragoak", adierazi dute.
"Egiturazko krisi" horren aurrean, Kontseilu Sozialistak jardun politikoa abiatu du "langileriaren autodefentsa antolatzeko asmoz". Horren harira egin dituzte azken hilabeteetako hainbat ekintza: besteak beste, bizitzaren garestitzearen aurkako mobilizazioak, elkartasun biltegiko dinamikak edota aholkularitza laboralak.
Euskal Herrian ez ezik, eskualdean ere langileriaren autodefentsa politikoa sustatzen eta hedatzen dihardutela nabarmendu du Kontseilu Sozialistak, "sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa" helburutzat hartuta. "Langile klasearen babeserako zein askatasunerako tresna praktiko eta estrategikoetan sakontzea" da taldearen asmoa.
Hitzaldiak eta bestelako ekintzak
Maiatzaren Leheneko mobilizazioekin batera, dinamika politiko bat ere jarriko dute martxan Urola Erdian. Aholkularitza laboralak urtebete beteko du maiatzean, eta bertatik ateratako irakaspenez eta aurrera begirako erronkez hausnartu nahi dute datozen asteetan. Horretarako, egitarau oparoa prestatu dute; apirileko azken astean hasiko da, hitzaldi batekin: "Bertan XX. mendean sozialismoak utzi dizkigun esperientzia historiko ezberdinak landuko ditugu, egungo testuingururako irakaspenak ateratzeko asmoz. Lau aste iraungo duen egitarauari Euskal Herriko hainbat langile autodefentsa sareren mahai inguru batekin emango diogu amaiera, tartean hitzaldiak eta bestelako ekintzak eginez".
Hala, "errealitate kapitalistari aurre egin" eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetan eta ekintzetan parte hartzera deitu ditu Kontseilu Sozialistak herritarrak.
Egitaraua
- Apirilak 29. XX. mendeko sozialismoaren esperientzia historikoez hitzaldia, 18:30ean, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan.
- Maiatzak 1. 18:00etan Azkoitian eta Zestoan egingo dituzte mobilizazioak, eta 19:00etan Azpeitian.
- Maiatzak 5. Aholkularitza laboralak urtebete: aurrera begirako erronkez hitzaldia, 18:00etan, Azkoitiko Elkargunean.
- Maiatzak 12. Aholkularitza laboralak urtebete: aurrera begirako erronkez hitzaldia, 18:30ean, Zestoako Alondero aretoan.
- Maiatzak 20. Euskal Herriko autodefentsa sareak mahai ingurua, 18:30ean, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan.