Gizonek galdu, emakumeek irabazi

Ihintza Elustondo 2022ko api. 14a, 13:16

Anaitasunako neskak, garaipena ospatzen. (Anaitasuna)

Anaitasunako gizonek Beasainen aurka jokatu zuten atzo Txerloian, eta azaroaz geroztik etxean galdu gabe baziren ere, 1 eta 2 amaitu zen partida. Euskal Ligako emakumeek, bestalde, 1 eta 4 irabazi diote gaur Bizkerreri, Getxon.

Askorentzako opor bueltako egunak izanagatik, Anaitasunaren bi talde nagusiek ligako neurketak izan dituzte egunotan. Gizonek atzo jokatu zuten partida, Beasainen aurka, Txerloian. 2020ko azaroaz geroztik etxean partidarik galdu gabe zegoen Anaitasuna, baina atzokoan, ezin izan zioten Beasaini aurre hartu: 1 eta 2 galdu zuten Espainiako Hirugarren Mailako gizonek. Gaur-gaurkoz, 49 punturekin, sailkapenaren hamargarren postuan da Anaitasuna. Bi partida soilik gelditzen zaizkio taldeari liga amaitzeko.

Euskal Ligako emakumeek, bestalde, gaur jokatu dute partida, 12:00etan hasita, Bizkerreren aurka, Getxon (Bizkaia). Sekulako gol festa izan da neurketan: 1 eta 4 gailendu da Anaitasuna. 26. minutuan sartu du Anaitasunak lehen gola –Oihane Ucin izan da goleatzailea–, eta 29. minutuan bigarrena, Jone Sudupek. 34. minutuan, bestalde, Bizkerreren gola iritsi da. 40. minutuan, dena den, hirugarrena sartu du Anaitasunak –Leire Ucin izan da goleatzailea–, eta beraz, markagailuak 1 eta 3 adierazten zuela iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatian markagailuak ez du lehen zatian bezalako mugimendurik izan, eta partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela iritsi da azken gola: 83. minutuan, Anaitasunaren laugarrena sartu du Libe Urtzelaik. Une honetan, Eibarren atzetik, sailkapenaren bigarren postuan da taldea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide