Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatzen dituen Ahalduntze Ikastaroen barruan, Autodefentsa Feminista tailerra eskainiko dute hilaren 30ean eta maiatzaren 7an, Emagin elkartearen eskutik. 16 urtetik gorako emakumeek parte hartu dezakete saioan, eta horiek dagoeneko eman dezakete izena.
Elkargunean izango dira bi saioak, 09:30etik 13:30era bitartean, eta Emagin elkartearen arabera, "teknika fisikoez" haratago arituko dira bertan: "Zertarako jakin defentsa teknikak, eraso arriskuen aurrean defendatzeko dugun eskubidea ez badugu aitortzen?". Hain zuzen ere, defentsa eskubidea eskubide unibertsala dela azpimarratu du elkarteak. "Gure defentsa elkartasunean eta konplizitatean oinarritzen da", gehitu du. Hori hala, ikastaroan "banakotasuna, taldea zein kolektibitatea nahitaezkoak" direla adierazi du: "Hortik abiatuta, erantzuna artikulatzearekin batera, guretzat osasuntsuagoak eta justuagoak diren harreman ereduak eraikitzen ditugu".
Ikastaroan parte hartzeko hilaren 26ra bitartean eman behar da izena, hiru modutara: aurrez aurre, udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura joanda (astelehenetik
ostiralera 7:30etik 15:30era); telefonoz, 943-08 00 80 (Herritarren Arreta Zerbitzua) edo 943-54 20 14
(Berdintasun arloa) zenbakietara deituta; eta korreo elektronikoz, azkoitia@azkoitia.eus edo berdintasuna@azkoitia.eus helbideetara idatzita.