Azkoitiko Udalbatzak bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko jardunbideari hasiera ematea onartu zuen joan zen hileko udalbatzarrean, eta horren deialdia argitaratu da gaur, astelehenena, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Hori hala, postua betetzeko interesa dutenek aurkez ditzakete instantziak udalaren Erregistro Nagusian, maiatzaren 2ra bitartea.
Hautagaiek, besteak beste, hautaketa prozesuari dagozkion merituak zein curriculum vitaea aurkeztu beharko dituzte. Curriculumean, berriz, euskararen ezagutza maila adieraziko dute, eta hori egiaztatzeko tituluak aurkeztu beharko dituzte.
Epaile kargua lau urterako izango da, eta postua betetzen dutenek Azkoitiko udalerrian bizi beharko dute. Horrez gain, ez dute titulazio berezirik izan beharko, bake epailearen betebehar eta eginkizunak betetzeko "behar adinako gaitasuna" baizik. Deialdiaren inguruko informazio osoa hemen irakur daiteke.