Euskal Ligaren bigarren tokian da Anaitasuna, Lakuari irabazi ondoren

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 10a, 09:50

Anaitasunako emakumeak gola ospatzen, atzo, Lakuaren kontrako partidan. (Anaitasuna)

2 eta 0 gainditu zuten gorrixek Gasteizko taldea atzo Txerloian. Espainiako Hirugarren Mailan, berriz, banako berdinketa lortu zuen Azkoitiko taldeak Santutxuren zelaian.

Espainiako Liga Nazionalerako igoera fasea gero eta gertuago du Anaitasunaren emakumeen talde nagusiak. Atzo, 2 eta 0 irabazi zioten gorrixek Euskal Ligaren sailkapeneko azken bigarren tokian den Lakuari. Atzo arte aurretik zuen Zarautzek puntu bakarra batu zuenez, Gorka Zubizarretaren taldea sailkapenaren bigarren tokira igo da aste honetan, hirugarrenean den Zarautzekin 50 puntutara berdinduta. Lau jardunaldi dituzte aurretik Euskal Ligaren fase erregularra amaitzeko.

Atzo, aurrez aurre ziren taldeen artean sailkapenean alde handia egon arren, aurreikus zitekeena baino lan gehiago izan zuen Anaitasunak. Lehen zatian jokoa nahiko parekatuta egon zen eta gol aukera gutxi izan ziren; nabarmenenak etxekoenak izan ziren, baina ez zuten asmatu. Bigarren zatian iritsi ziren Anaitasunaren golak eta garaipena. 65. minutuan, gol bikain batekin eman zion abantaila bere taldeari Oihane Uzinek: indartsu astindu zuen baloia area kanpotik, eta eskuadratik sartu zen sareetara. Markagailua borobiltzeko eta azken minutuak lasaiago jokatzeko bidea, berriz, Leire Uzinen oinetatik etorri zen: 85. minutuan, area barruan baloia hartu eta atezainaren gainetik loratuta egin zuen gorrixen bigarrena.

Gaur zortzi jokatuko du Anaitasunak Euskal Ligaren 27. jardunaldiko neurketa, Bizkerreren zelaian.

Puntu batekin etxera

Aurreko jardunaldian mailari eustea ziurtatu ondoren, Bilbon jokatu zuen atzo Anaitasunaren gizonen talde nagusiak, Santutxuren zelaian. Puntu batekin itzuli zen etxera Xabier Artetxeren taldea, partida banako berdinketarekin bukatuta.

Neurketaren lehen minutuetan ekimena etxekoena izan arren, Anaitasuna izan zen markagailua mugitu zuena, Julen Aramendiren golari esker. 12. minutuan egin zuen gola Aramendik, eta berehala erantzun zuen Santutxuk gol aukera batekin, baina ez zuten asmatu. Lehen zatiko ordu erdia beteta, Anaitasunak izan zuen markagailua gizentzeko aukera, baina Santutxukoen atezainak gelditu zuen Agirreren jaurtiketa. Atsedenaldia iristear zela, ordea, bizkaitarrek egin zuten banakoa, penalti bidez, 45. minutuan. Partidako bi golak lehen zatian sartu zituzten, baina aukera garbi gehiago eta joko biziagoa eskaini zuten bi taldeek bigarrengoan. Julen Aramendi, esaterako, beste pare bat gol egiteko zorian izan zen, eta Ander Arabaolazak eta Alex Rodriguezek ere gertu izan zuten gola.

Atzo batutakoarekin, 49 puntu ditu Anaitasunak eta sailkapenaren hamargarren postuan jarraitzen du. Asteazkenean jokatuko dute gorrixek Espainiako Hirugarren Mailako ligaren 36. jardunaldiari dagokion neurketa. Beasain hartuko dute, Txerloian, 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide