Itzuliak jendea bildu du Azkoitiko errepide bazterretan

Nerea Uranga 2022ko api. 9a, 17:11

Euskal Herriko Itzulia Azkoititik ez ezik, herriko beste bi mendatetatik igaro da gaur arratsaldean. Txirrindularitza probaren seigarren eta azken etapa ari dira jokatzen gaur, zapatua, Eibarren hasi eta Arraten bukatzeko.

Astelehenean hasi zen Euskal Herriko Itzulia Hondarribiatik (Gipuzkoa). Erlojupeko probarekin hasi zuten txirrindulariek sei eguneko lasterketa. Gaur, zapatua, ari dira jokatzen Itzuliaren seigarren eta azken etapa Eibarren hasi eta Arraten bukatuko dena, eta helmugara iristerako zazpi mendate igoko dituzte. Tartean, Azkoititik igaro dira txirrindulariak Azuki igo ondoren, Azkaratetik behera jaitsi dira eta 15:30 aldean igaro dira Azkoitiko Altzibar auzotik, handik Urretxurako bidean Gorlarako bidegurutzea hartu, eta mendatea igota Bergarara jaitsi dira.

Azkoitiko errepide bazterretan txirrinduzale ugari bildu da proba jarraitzeko. Azkaratetik behera hiru txirrindulari igaro dira tropelari aurrea eta minutu gutxitako tartea hartuta: Davide Formolo, Nelson Oliveira eta Tony Gallepin.

Ion Izagirrek irabazi du gaurko eta Itzuliko seigarren etapa, eta aurtengo Itzuliko garaipena Daniel Felipe Martinezentzat izan da. Andoni Urbistondo kazetariaren arabera, "gaurko etapan ikuskizuna eskaini dute txirrindulariek". Urbistondoren kronika osoa irakurri daiteke Aiurri.eus atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide