22. Korrika Azkoitira iritsi bezperan, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Bizilore Eskola Aktiboko ehunka kide kalera atera dira gaur, osteguna, Korrika Txikia egitera. 16:00etan abiatu dira lehen ikasleak Aizkibel kaleko aldapan behera, eliz atarira, eta segidan, Plazaberri eta Balda plaza zeharkatu dituzte; handik Klara Donea kalera zuzendu dira, eta Auzmendi Bidea kalea oso-osorik gurutzatu ondoren, ibilbidea amaitu dute parte hartzaileek. Korrikaren mezua zeraman lekukoa eskuz-esku pasatu dute eskola guztietako kideek.
Ikastola atzeko biribilgunean eman diote amaiera Korrika Txikiari Biziloreko lagunek, eta beraien eskoletaraino joan dira Xabier Munibe Ikastolako nahiz Floreaga Ikastetxeko ordezkariak. Korrika Txikiko mezua, berriz, eskola bakoitzean irakurri dute ekitaldiari amaiera emateko. Bide guztian Azkoitiko AEK-ko ordezkarien animoak jaso dituzte txikienek, baita bide bazterrean bildu diren herritarrena ere.
Korrika Txikiarekin hasi da Azkoitia 22. Korrika jasotzeko prestatzen; izan ere, bihar, ostirala, 14:07 inguruan iritsiko da 22. Korrika herrira.