Pasira egitasmoko kideek gaur, osteguna, beste hitzordu bat izan dute, eta Azkoitiko udaletxea bisitatzeko aprobetxatu dute eguna. Javier Zubizarreta alkateak harrera egin die udaletxean bisitariei, eta hileroko azken asteazkenetan egin ohi duten ohiko osoko bilkuraren inguruan hitz egin die horiei, bere bulegoan.
Bestalde, Juan Bautista Mendizabal zinegotziak udaletxearen historia azaldu die Pasirako partaideei, eta hainbat pasadizoren eta bitxikeriaren artean, Mendizabalek azaldu du eraikina 1730. urtekoa dela, Jose de Lizardi arkitektoak eraikitakoa. Horren aurretik, udaletxea Plazaberrin zegoen kokatuta, bai 1458. urtekoa eta bai 1573. urtekoa —oraingoa hirugarrena da—. Egungo eraikinak, sasoi haietan, kartzela, kapera, zezendegia, alondegia edota korregidorearen etxea zituen barruan. Udaletxean dauden kuadroen berri ere jakin dute bisitan Pasirako partaideek.