Itzuliak eragina izango du larunbatean trafikoan

Andoni Elduaien 2022ko api. 7a, 13:00

Primoz Roglic sailkapeneko liderra, 2018an, Aittolara bidean. (Andoni Elduaien)

14:30etik 15:45 ingurura arte eragingo du herriko trafikoan Itzuliak. Azkarate, berriz, 15:00etatik 16:00etara arte itxita egotea aurreikusi du Azkoitiko Udaltzaingoak.

Etzi, larunbata, igaroko da Euskal Herriko Itzulia Azkoititik. Probako seigarren eta azken etapa osatu beharko dute txirrindulariek Eibar eta ARrate artean, hain zuzen, 136,69 kilometroko egin beharko dituzte bizikleta gainean. Lasterketak ez dio eragingo Azkoitiko herriguneari, baina 14:30 ingurutik aurrera, Azkoitiko Udaltzaingoak herriko saihesbideak itxiko ditu Urretxurako eta Elgoibarrerako noranzkoan.

Hain zuzen, Madariaga auzoa, handik Azkaratera arteko errepidea, Mekoletatik Altzibar auzorako saihesbidea, eta Altzibarko biribilgunetik Elosuko bidegurutzera arteko GI-631 errepidea itxiko dituzte; Elosurako errepidea ere itxita egongo da trafikoarentzat. Hori horrela, 14:30etik 15:45era bitartean, eragina izango du Itzuliak herrian. GI-2634 errepidea, Azkaraten, itxi egingo dute 15:00etatik 16:00etara. Mekoletako eta Altzibarko biribilguneen arteko trafikoa eta Altzibarko biribilgunetik Elosuko mendatea hasi aurreko bidegurutzera arteko errepidea ere itxita egongo dira lasterketa igaro artean.

Aurten, lehen aldiz, Azkoitiko Udaltzaingoa lasterketarekin zuzenean konektatuta egongo da; izan ere, Itzuliako irratiarekin bat eginda egongo dira une oro, lasterketaren nondik norakoak zuzenean jasotzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide