Larunbatean igaroko da Euskal Herriko Itzulia Azkoititik

Andoni Elduaien 2022ko api. 5a, 08:43

Euskaltel-Euskadiko txirrindulari bat iaz Azkoititik igarotzen. (Ihintza Elustondo)

Larunbatean, 16 kilometro egingo ditu Euskal Herriko Itzuliak Azkoitian. 15:22-15:31 artean espero dira lehen txirrindulariak Madariagan, eta 15:45-15:56 artean Elosuan. Herriguneko ibilbidea saihesbidetik egingo du lasterketak.

Atzo, astelehena, abiatu zen Euskal Herriko Itzulia Hondarribiatik (Gipuzkoa). Erlojupeko probarekin hasi zuten txirrindulariek sei eguneko lasterketa, eta Primoz Roglic (TJV) gailendu zen Remco Evenepoeli (QST) bost segundo aterata. Larunbateko seigarren eta azken egunean –Eibar eta Arrate artekoan– pasatuko da proba Azkoititik. Probako etapa nagusia izango da, eta hasieratik oso gogorra izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Sailkapen orokorreko txirrindulariek protagonismo berezia hartuko dute, Arratera iritsi aurretik zazpi mendate gainditu beharko baitituzte.

Larunbatean, 15:22-15:31 artean espero dira lehen txirrindulariak Madariagan. Azurkiko mendatetik (1go mailakoa) iritsiko da lasteketa hara, eta segidan Azkarateko mendatea jaitsi beharko dute Azkoitia aldera. Herriguneko ibilbidea herriaren kanpoaldetik egingo du txirrindularien tropelak; izan ere, Azkarateko mendatea jaitsi ondoren Altzibarko biribilgunera bideratuko da proba saihesbidetik, handik Urretxurako bidea hartzeko –lasterketa 15:31 eta 15:41 artean espero da herrigunean–.

Txirrindulariek, ordea, ez dute Aizpurutxo zeharkatuko, Elosurako bidegurutzean maldan gora abiatuko baitira. 15:45 eta 15:56 artean iritsiko dira lehen txirrindulariak Elosua auzora, eta handik Gorlako mendatea (2. mailakoa) egitera abiatuko dira. Gorlara, beranduenez, 16:00etan iritsiko da Euskal Herriko Itzulia, eta gero Bergarara jaitsiko dira, pixkanaka-pixkanaka Eibar aldera inguratzen hasteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide