Joan zen ostiralean jokatu zuten Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako bigarren kanporaketa Azpeitiko Zelai Luze soziedadean. Naia Arrizabalaga azkoitiarra nagusitu zen, Maite Sukiak, Eneritz Azkuek eta Mikel Lersundik osatutako epaimahaiak hala erabakita. Horrenbestez, finalerako zuzeneko txartela eskuratu du Arrizabalagak.
Bertso saio ederra josi zuten kantuan aritu ziren sei bertsolariek. Arrizabalagaz gain, Aratz Lasa, Ane Zubia, Beñat Mateos, Harri Agirresarobe eta Xabier Albizu azpeitiarra aritu ziren kantuan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Uxune Areizagak egin zituen.
Txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa Lizartzan (Gipuzkoa) izango da ostiralean, martxoaren 8an, eta hango puntuazioen arabera erabakiko da zein bertsolari sailkatuko diren finalera. Lehen kanporaketa, Oñatin jokatutakoa, Jon Mendiluzek irabazi zuen, eta oraingoz, bertsolari hori eta Arrizabalagak dute ziurtatuta finalerako txartela.
Ostiraleko saioan Amets Aizpuru, June Aiestaran, Danel Etxeberria, Malen Gartzia, Izar Zelarain eta Sustrai Goenaga ariko dira kantuan. Txirrita elkarteko saiorako sarrera guztiak agortuta daude. Dena den, oraindik eskuragarri daude apirilaren 29an Lasturren (20:00) izango den finalerako txartelak.