Geure Gelatik liburu azoka egin dute asteburuan Azkoitian, Maxixatzen euskara elkarteak antolatuta. Liburu azoka ez ezik, hainbat aurkezpen eta ekitaldi izan da, eta Julen Garate Maxixatzen elkarteko kideak azaldu duenez, egitasmoaren "oso balorazio positiboa" egin dute oro har. "Beti bezala, gauza batzuk hobetzeko gelditzen dira. Baina, bestela, azokan parte hartu duten argitaletxeek nahiz bertara joan zen jendeak esker hitzak izan ditu guretzat, eta ja datorren urtera begira jarri gara. Azoka errepikatu beharra dago; iruditzen zaigu programa potoloa izan dela, eta ate asko joko ditugu hurrengo urtean berriz egiteko".
Atzo, igandea, izan zen egitarauaren barruko azken ekintza: hain zuzen ere, emakume idazleen testuak irakurri zituzten 26 herritarrek. Antolatzaileek aurrez azaldu zuten beren ekitaldi "kuttunena" zela hori, eta Garateren arabera, bete ziren aurreikuspenak. "Ondo joan zen ekitaldia. Gai ezberdinak lantzen dituzten testuak irakurri zituzten hainbat herritarrek: poesia lanak, historia lantzen duten liburuak, sendabelarren inguruko kontuak... Gainera, askotariko jendeak parte hartu zuen testuen irakurketan; gehienak emakumeak ziren, baina zenbait gizonek ere parte hartu zuten". Hark esan duenez, "oso gustura" daude ekintzak izan zuen erantzunarekin. "Antolatzerakoan lan gehien eman zigun ekintza izan zen atzokoa, baina poz txiki bat eman digu. Herriko 26 pertsonak parte hartu zuten irakurketan, eta beste 60 bat lagun joan ziren ekitaldia ikustera. Jende kopuru handia da hori".
Hainbat libururen aurkezpenak izan dira egunotan Azkoitiko Elkargunean, eta haietako bakoitzak izan zuen "zerbait bereizgarria". Garbiñe Larreak Sendabelarrek dakitena lana aurkeztu zuen, esaterako, eta lan horren aurkezpena "bereziki interesgarria" izan zela nabarmendu du Garatek. "Salmenta handia izan du liburu horrek; agian, bada liburu bat literatura asko jarraitzen ez duen jendeari ere interesatzen zaiona. Liburu asko izaten dira interesgarriak, baina kasu honetan, aurkezpena ere oso interesgarria izan zen. Liburuan agertzen ez diren gauza asko ere izan zituen hizpide egileak: baratze ekologikoak nola landu behar diren...".
Urretabizkaia, esker oneko
Bestalde, Irati Jimenezek "oso muntaia polita" egin zuela aipatu du Garatek. Begiak zabalduko zaizkizue saiakera liburuaren harira prestatutako Euskal literaturaren historia sobrenatural bat emanaldia eskaini zuen. "Begiak zabalduko zaizkizue liburuari buruzko emanaldia izan zen, baina liburuko pasarteak ekartzeaz gain, beste hainbat gauza ere uztartu zituen saioan: Orson Wellsen dokumental zati batzuk tartekatu zituen, esaterako". Larunbat arratsaldean izan zen liburu aurkezpenik "jendetsuena"; Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala lanarena, hain zuzen ere. "Idazlea biluztu egiten da liburuan, eta jende askok dio gauza gogorrak aipatzen direla. Idazlearen aita alkoholikoa zen, eta horri buruzko liburu nahiko autobiografikoa da". Era berean, Garatek berak Goiatz Labandibarren Amez liburuaren aurkezpenean parte hartu zuen. "Oso harrigarria da, emakume batek, ama izan gabe, zeinen ondo azaleratzen dituen hainbat amatasun mota edo emakume izaera. Ni harrituta gelditu nintzen. Galdetu nion: 'Zenbat ume dauzkazu?'. Eta 'batere ez' erantzun zidan". Gema Lopez azkoitiarrak itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak liburuarena izan zen azokako azken aurkezpena. "Denek esaten dute asmatu duela estilo hurbilarekin itzultzen lana; azkoitiar ukitua nabarmena omen da".
Geure Gelatik azokaren lehen egunean, Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra omendu zuten, eta esker oneko azaldu da idazlea, Garatek azaldu duenez. "Oraintxe bertan jaso dugu bere mezu bat, eta honako hau dio: 'Atsegina izan zen ekitaldia, eta aberatsa Juan Luis Zabalarekin egin nuen joan-etorria [harekin egin zuen Azkoitira joan-etorria autoz]. Gainera, zuen oroigarriarekin batera, ezagutzen ez nuen esapide bat ikasi dut: esker zorra [hori zegoen idatzita hari oparitutako oroigarrian]. Erabiliko dut, lehenik zuekin. Natxo de Feliperen ahotsean bezala, Eskribatzen badaustazu badakizu non nagoan'". Garatek adierazi duenez, Maxixatzen elkartearentzat "pozgarria" da Arantxa Urretabizkaiak horrelako eskertza mezu bat bidaltzea.