Parrokiako taldeak Aste Santuko ekintzetan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Andoni Elduaien 2022ko api. 4a, 11:28

2019ko Ostiral Santuko prozesioko irudi bat.

Igandean egingo dute Erramu Igandeko prozesioa, eta hilaren 15ean Ostiral Santuko bi prozesioak. Haurrei eta helduei zabaldu diete deialdia parroakiko kideek, eta parte hartu nahi dutenek formulario bat bete beharko dute.

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako taldea Aste Santua antolatzeko lanetan ari da azken asteetan, eta haurrei zein helduei Erramu Igandeko nahiz Ostiral Santuko prozesioetan parte hartzeko eskatu diete. Erramu Igandean, goizean egingo dute prozesioa herriko kaleetan zehar, eta, Ostiral Santuan, arratsaldean nahiz gauean. 500 urteko ohiturari segi nahi diote parrokiako kideek, baina horretarako herritarren parte hartzea "beharrezkoa" dela nabarmendu dute.

Parrokiako taldeak haurrei dei egin die, apostolu, nazareno edota aingeru bezala parte har dezaten. "Haurren parte hartzea sustatu nahi dugu, haiek ere gure ospakizunetan par har dezaten". Prozesioetan kalera ateratzen dituzten pausoak garbitzeko nahiz janzteko, pausoak eramateko edota desmuntatzeko, berriz, helduen beharra dutela adierazi dute parrokiako kideek.

Prozesioetan parte hartu nahi duten herritarrentzat formulario bat sortu dute, eta orri hori bete beharko dute Aste Santuko ekintzetan parte hartu nahi dutenek. Izen-abizenak, telefono zenbakia eta parte hartu nahi den ekintza aukeratu beharko dute herritarrek formularioan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide