Anaitasunako gizonen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian ere

Julene Frantzesena 2022ko api. 3a, 14:01

Anaitasunako gizonen taldea, atzo aldagelan partida bukatzean. (Anaitasuna)

Atzoko garaipenak mailari eusteko urratsa egiteko balio izan zien Xabier Artetxek zuzentzen dituen futbolariei. Etxean mendean hartu zuten Deustu, 2 eta 0. Emakumeek ere garaipena erdietsi zuten atzo; Lazkaoko Goierri Gorri taldearen kontrako partida 0 eta 4 irabazi zuten.

Denboraldia bukatu baino lehen lortu du Anaitasunak mailari eustea, eta horrenbestez, datorren denboraldian ere Espainiako Hirugarren Mailan izango da gizonen lehen taldea. Atzoko garaipenak mailari eusteko urratsa egiteko balio izan zien Xabier Artetxek zuzentzen dituen futbolariei; izan ere, Txerloian Deusturen aurka jokatutako neurketa 2 eta 0 irabazi zuten.

Partidako bi golak lehen zatian sartu zituzten Anaitasunakoek. Aurrena, 23. minutuan sartu zuen Anderrek, eta bigarrena, berriz, 42. minutuan Julen Aramendik. Bi gol horiek aise izan zitzaizkion taldeari bigarren zatiari aurre egiteko eta beren atea hutsean mantentzeko. Urrezko hiru puntu lortuta, datorren denboraldian ere Hirugarren Mailan ariko da Anaitasuna. Dena den, denboraldia bukatzeko lau jardunaldi gelditzen zaizkio taldeari. 

Emakumeentzat ere jardunaldi gogoangarria izan da asteburukoa. Haiek ere atzo jokatu zuten Euskal Ligako partida Lazkaon, Goierri Gorri taldearen kontra, eta nagusitasunez irabazi zuten partida: 0 eta 4. Lehen hiru golak Oihane Ucinek (14. minutuan), Garatek (22. minutuan) eta Maiderrek (42. minutuan) sartu zituzten, eta laugarrena, bigarren zatian iritsi zen: 62. minutuan sartu zuen Leire Ucinek.

Anaitasunako emakumeen lehen taldeak sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du, tinko, eta oraindik ere bost norgehiagoka jokatu beharko ditu denboraldia amaitzeko. Datorren asteburuan etxean jokatuko du neurketa, Lakuaren kontra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide