Jose Maria Pirisen oroimenezko ekitaldia, bideoan

Maialen Etxaniz 2022ko api. 2a, 14:34

Jose Maria Piris zenaren omenezko oroimen ekitaldia egin dute gaur goizean Azkoitiko Floreaga auzoan. Bertan hil zen Piris duela 42 urte, ETAk guardia zibil baten autoaren azpian jarri zuen bonba pakete bati ostikoa eman eta lehertu ostean. 1980ko martxoaren 29an hil zen Piris, 13 urte zituela. Erlo Telebistak ekitaldian hartutako irudiekin osatutako bideoa da honako hau. 

Gertaera hura jazo zenetik 42 urtera eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak sustatuta, egin dute haren omenezko ekitaldia, Floreaga auzoan Pirisen oroimenez jarrita dagoen monolitoaren aurrean.

Azkoitiko Udalaren babesarekin egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Pirisen senideak, ezbeharraren unean larri zauritu zen Fernando Garcia, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Jose Maria Anton Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea. Era berean, ekitaldian izan dira Piris hil zenean Azkoitiko alkatea zen Roman Sudupe eta gaur egun Azkoitiko udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideak.

Txistu doinuekin hasi da ekitaldia, eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta izan da hitza hartzen aurrena. Hark Duela 42 urte gertatutakoa ekarri du gogora, eta adierazi du, zoritxarrez, historiaren zati askotan arrazoibidearen gabezia nagusitu izan dela. Horren aurrean, arrazoibidearen eta bizitzaren aldeko apustua aldarrikatu du Azkoitiko alkateak.

Hunkituta mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Beatriz Artolazabalek adierazi du "oroitzapenak, minak, maitasunak eta elkartasunak" batu dituela gaur Azkoitian, eta horren harira gogora ekarri ditu Piris eta haren senideak.

Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko Jose Maria Anton izan da hitza hartzen azkena, eta luze mintzatu da. Antonek gertaera hark inoiz gertatu behar ez zuela azpimarratu du behin eta berriz, eta gogora ekarri du Pirisen senideek bizitakoa. Biktimen samina azpimarratu ez ezik, terrorismoaren biktimei eragindako mina lehuntzen laguntzeko deia egin du, eta modu horretan presoen ongietorriak arbuiatu ditu. Era berean, halako ekitaldiak ez egiteko deia egin du, teorrirsmoaren biktimei eragindako minaz jakitun, ongietorriak egitea haserregarria dela iritzita

Ekitaldia amaitzean, lore eskaintza egin diote Pirisi, haren oroimenezko monolitoan, txistu doinuz lagunduta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide