Atano III.a pilota txapelketaren XLVII. edizioaren finalak izan dira gaur, zapatua, Gurea pilotalekuan. 10:00etan hasita, buruz buruko bost final jokatu dituzte Oteiza pilota elkarteko kirolari gazteek. Giro bikaina izan da frontoian.
Lehen norgehiagoka, aurre-benjaminen mailakoa, Jon Azpiazuk eta Eneko Martijak jokatu dute, eta Azpiazu 16 eta 11 nagusitu da. Ondoren, benjamin mailako Oihan Mendizabalek eta Ian Juaristik neurtu dituzte indarrak, eta Mendizabal izan da garailea, 16 eta 4 emaitzarekin.
Hirugarren neurketan, benjaminen 2. mailakoan, Julen Azpiazu eta Jakes Kortadi aritu dira nor baino nor, eta Azpiazuk lortu du txapela, Kortadi 16 eta 10 garaituta. Lehen mailako alebinetan, berriz, Ibai Zamora eta Unax Oteiza aritu dira, eta Oteizak irabazi du partida; 9 eta 16 bukatu da lehia. Azken finala, alebinen bigarren mailakoa, Pello Alkortak eta Erik Ariztegik jokatu dute, eta Alkorta izan da nagusi: 16 eta 7 egin dute.
(Argazkiak: Oteiza pilota elkartea)