Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ana Azkoitia izango da udal hauteskundeetarako EAJren alkategaia

Julene Frantzesena 2022ko api. 1a, 10:03

Ana Azkoitia hurrengo udal bozetarako EAJren alkategaia eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea. (Azkoitiko EAJ)

Javier Zubizarreta gaur egungo alkatea ez da berriz aurkeztuko bozetara, eta beraz, EAJren zerrendan haren lekua hartuko du gaur egun alkateorde den Azkoitiak. Erronka "ilusioz eta indarrarekin" hartu du hark. Azkoitiko EAJ eta Zubizarreta ere "pozik" agertu dira hautagaitzarekin.

Ana Azkoitia (Azkoitia, 1970) izango da 2023ko udal hauteskundeetan EAJren alkategaia. Gaur, ostirala, ohar bidez eman du hautagaitzaren berri Azkoitiko EAJk. Javier Zubizarreta gaur egungo alkatea –2015etik dago karguan– ez da berriz aurkeztuko bozetara, eta beraz, EAJren zerrendan haren lekua hartuko du gaur egun alkateorde den Azkoitiak. Erronka "ilusioz eta indarrarekin" hartu du hark.

Deustuko Unibertsitatean Enpresa Zientzietako ikasketak egina da Azkoitia, eta irakaskuntzan aritu ostean, 1995ean, Laboral Kutxan hasi zen lanean. 2003an Azpeitiko bulegoko zuzendari izendatu zuten, eta hamahiru urtez aritu zen egiteko horretan. 2016an banketxea utzi eta udal jardunera egin zuen jauzi, EAJren zinegotzi gisa. Ordutik, Azkoitiko alkateordea eta Ogasun zinegotzia da. Era berean, 2019az geroztik, EAJren batzarkidea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

EAJk adierazi duenez, Azkoitiko Uri Buru Batzarrak txalotu egin du Azkoitiaren hautagaitza: "Pertsona baikorra, ausarta eta kudeaketan ona da, eta entzuten eta adostasunetara iristen daki". Gainera, alderdian ez dela hautagaitzari buruzko desadostasunik izan azpimarratu du. "Bere defendatzaile sutsuena Javier Zubizarreta da; izan ere, biek elkarren ondoan egin dute lan partekatu dituzten bi agintaldietan".

Zubizarretak ere "pozik" dagoela esan du, urteok bere herriari eskaintzeagatik. "Ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz, eta horrela jarraituko dut alkate makila eskuz aldatzeko unea iristen den arte". Alkate makila "aliatu eta adiskide" duen Ana Azkoitiari ematea "bihotzez" espero duela ere jakinarazi du. Dena den, alkate kargua utzi bitartean, indarrak esku artean dituzten proiektuetara bideratuko dituela esan du, hala nola Idiakez Ederraren birgaitzera, GI-631 errepidearen bigarren fasearen exekuziora, Floreagako irisgarritasuna hobetzeko hurrengo fasearen garapenera, San Jose egoitzako igogailuaren proiektura, Txalonerrekako errepide berrira nahiz San Martineko irisgarritasunera. Proiektu horiekin herriak "sekulako jauzia" emango duela uste du alkateak.

Egungo alkateak egindako bidearen errepasoa egiteko ere baliatu du hautagaitza berriaren aurkezpena, eta dena ez dela erraza izan adierazi du. "Mundu guztiak pasatu beharko luke udaletxetik, gauzak nola diren ikusteko. Pertsonalki, izugarri ikasi dut, eta gozatu eta sufritu ere, neurri berean egin dudala esango dut. Ni enpresa batetik nentorren, eta han beste abiadura bat eramaten da; administrazioan denborak oso bestelakoak dira, eta horrek askotan kendu izan dit loa".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide