Arantxa Urretabizkaiaren ibilbidearen aitortzarekin hasiko da bihar Geure Gelatik liburu azoka

Anartz Izagirre 2022ko mar. 31a, 10:22

Arantxa Urretabizkaia. (GFA)

Bihartik igandera bitartean sei liburu aurkeztuko dituzte Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari egindako aitortza izango da lehen ekitaldia bihar, ostirala, 17:30ean. Liburu azoka ordu erdi lehenago ireiko dute, 17:00etan.

Idazle emakumeen lanari balioa emateko asmoz, Gure Gelatik liburu azoka izango da bihartik igandera bitartean Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Maxixatzen euskara elkarteak antolatu du egitasmoa Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, eta bihar, ostirala, 17:00etan irekiko dute liburu azoka. Azokan beraien postuak jarriko dituzte Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Pamiela, Susa eta Txalaparta argitaletxeek, eta leku berean, sei liburu aurkezpen, aitortza ekitaldi bat eta testuen irakurketa saio bat izango dira. Geure Gelatik izenpean egingo duten azoka honekin Virginia Woolf idazleari keinu egin diote antolatzaileek.

Lehen eguneko protagonista nagusia Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra izango da. 17:30ean haren ibilbidearen aitortza egingo diote 17:30ean hasita, eta Juan Luis Zabalak gidatuko du saioa. Eguneko bigarren ekintza, berriz, 19:00etan hasiko da; hain zuzen ere, Amaia Zinkunegik Otsandreak korrika liburua aurkeztuko du.

Asteburuan gehiago

Bihar ez ezik, asteburuan ere izango da Azkoitian literaturaz gozatzeko abagunea. Liburu azoka etzi 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, igandean, 11:00etatik 14:00etara. Etzi lau aurkezpen izango dira: Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena (Argia), Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar), Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) eta Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania). Igandean, berriz, herriko idazle emakume baten txanda izango da, Gema Lopezena, hain justu. Hark Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein) liburu itzulpenaren aurkezpena egingo du —irakurri hemen, Mailo Oiarzabal kazetariak hari egindako elkarrizketa—. Azoka behar bezala ixteko, berriz, Emakumeek idatzitako testuen irakurketa izango da 25 lagunen eskutik.

Hona hemen egitaraua, osorik:

Bihar, ostirala
  • 17:00etan, azokaren irekiera.
  • 17:30ean, Juan Luis Zabalak aurkeztuta, Arantxa Urretabizkaiaren ibilbideari aitortza.
  • 19:00etan, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika liburuaren kontaketa.
Etzi, larunbata
  • 11:00etan, Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena (Argia) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) saiakerarekin prestatutako emanaldia.
  • 17:00etan, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) liburuaren aurkezpena.
  • 18:00etan, Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania) liburuaren aurkezpena.
Apirilak 3, igandea
  • 11:00etan, Gema Lopezek itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, emakumeek idatzitako testuen irakurketa, 25 lagunen eskutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide