"Historiara pasatuko da" Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren azken edizioa

Andoni Elduaien 2022ko mar. 30a, 15:28

Lasterketa abiatu zen uneko irudia, Azkoitian. (Ane Olaizola)

Antolatzaileek lasterketaren balorazio positiboa egin dute, eta datorren urtean aurtengo "esperientzia errepikatzea" espero dute. Era berean, kirolariek eta boluntarioek egindako lanari balioa eman diote. Datorren urtean probaren 30. edizioa jokatuko dute, eta dagoeneko iragarri dute eguna.

Hiru urteren ostean, joan den larunbatean jokatu zuten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Bi izen handi utzi zituen lasterketak: Maxwell Kortek mutiletan eta Caroline Jebet nesketan. Hain zuzen, Jebet keniarrak lasterketako ordura arteko marka hautsi zuen Azpeitiko helmugan, 01.07.57 denbora eginda.

Maratoi erdiaren antolatzaileek nabarmendu dute, bi urte lasterketa egin gabe egon ondoren proba antolatzea "oso zaila" izan dela eta "inoiz ez bezala sufritu" dutela. "Ahalik eta modurik onenean egiten saiatu gara, eta espero dugu datorren urtean esperientzia errepikatu ahal izatea, oraingoan baino normaltasun handiagoarekin eta lasaiago". 

Oro har, balorazio positiboa egin dute lasterketaren antolatzaileek, kirol arloan helburu nagusiak "ondo baino hobeto bete" direlako. Eliteko atleten lana "bikaina" izan zen haien iritziz: "Jebetek emakumeen errekor berria ezarri zuen; horregatik, probak erreferente izaten jarraituko du atletismo munduan". Hori horrela, antolakuntzarentzat "historiara pasatuko den edizioa" izan da aurtengoa. Dena den, proba "handi" egiten duten baloreak "agerian" gelditu ziren, hala nola "batasuna, laguntasuna, talde-lana, poza, ilusioa, positibotasuna, adiskidetasuna, lan gaitasuna eta borrokarako nahiz gainditzeko gaitasuna". Bide batez, proba aurrera ateratzen lagundu zuten kolektibo guztien lana eskertu dute antolatzaileek.

Dagoeneko datorren urtera begira jarri dira antolatzaileak; izan ere, jakinarazi dute 2023. urteko probaren data: martxoaren 25ean izango da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 30. edizioa. "Egindako lanaz gozatzeko garaia da, baina are eta bereziago izango den XXX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia birpentsatzen eta hari forma ematen hasteko unea ere bai".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide