Intza Lizarazu: "Ez diogu sinesteari utzi, eta azkenean, lortu dugu helburua"

Julene Frantzesena 2022ko mar. 30a, 10:00

Intza Lizarazu partida batean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Azkoitia-Azpeitia ISBk Challenge Ligan jarraituko du beste denboraldi batez. Egindako lanaren balorazio "positiboa" egin du Intza Lizarazu taldeko kapitainak. Dena den, oraindik bi jardunaldi falta zaizkiela eta horiek irabazteko xedea dutela azaldu du. Izan ere, mailari eustea zergatik lortu duten erakutsi nahi diete zaleei.

"Ligak jarriko gaitu merezi dugun edo dagokigun lekuan". Intza Lizarazu Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko kapitainaren hitzak dira, joan zen irailean esandakoak. Euskal Kopa irabazita, Challenge Ligari ekitear zen taldea, eta sei hilabetera, badakite beste denboraldi batez liga horretan jarraituko dutela. Izan ere, liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan lortu du ISBko emakumeen lehen taldeak mailari eustea.

Denboraldiaren lehen zatia ikusita, duela hilabete batzuk mailari eustea "zaila" iruditzen zitzaiela aitortu du Lizarazuk, nahiz eta "lana eta borroka" eginda xedea lor zezaketela bazekiten. "Ez diogu sinesteari utzi, eta azkenean lortu dugu helburua. Oso pozik gaude". Hark dioenez, baina, bi partida falta zaizkie mailari zergatik eutsi dioten erakusteko. Denboraldiaz, baina, balorazio "positiboa" egin du. "Guk bakarrik dakigu mailari eusteko zenbat sufritu dugun. Mentalki gogorra izan da, partida asko jarraian galtzeak dinamika txar batera eraman gaituelako. Horri buelta ematea kostatu egin zaigu, baina guztion esfortzuarekin aurrera egitea lortu dugu eta meritu handiko lorpena izan dela uste dut".

Bizitako esperientziaren alderik onena "taldea" izan dela adierazi du. "Inork ez du aurpegi txar bat ere jarri denboraldian zehar, eta lanerako grina azaldu dute guztiek; hori baloratzekoa da, ez baita erraza dinamika txar baten aurrean hori egitea". Denboraldi-aurretik talde berberarekin aritu direla ere azpimarratu nahi izan du. Bestalde, denboraldiaren alderik txarrena "porrotak" izan direla adierazi du. "Porrot asko izan dira jarraian, eta momentu batzuetan argia ikusi ezinik ibili gara. Gainera, partida estu bat baino gehiago jokatu ditugu, azkeneko segundoetan galdu ditugu horietako batzuk, eta horiek ere min handia eman digute". 

Ikasitako guztia ere ekarri du gogora Azkoitia-Azpeitia ISBko kideak, Challenge Ligak "beti zerbait" ikasteko aukera eman dielako. "Argi geratu zaigu liga horretan lan eta esfortzu handia egin behar dela partidak irabazteko. Horregatik, garrantzitsua da uneoro taldean aritzea eta aurrera denok bide beretik beretik egitea. Garrantzitsua da kantxatik kanpo ere talde bat izatea, giro ona izatea, elkar babestea eta elkarri laguntzea". Taldekide guztiei nahiz klubari, baita zaleei ere, eskerrak eman dizkie Lizarazuk.

2021-2022 denboraldia bukatu ez bada ere, hurrengora begira ere jarri da Lizarazu. Zer egoera izango duten ez badaki ere, taldean jarraitzeko "prest" dela esan du azkoitiarrak. Hori bai: "Lehenengo atseden hartu eta pilak kargatu behar ditut, berriro ere gerrarako prest izateko". Baina oraingoz, denboraldiko azken bi partidetan jarri du fokua, helburua "garbi" baitute. "Borrokatu eta irabaztera irten, dudarik gabe. Uste dut merezi dugula liga bi garaipen gehiagorekin amaitze eta gugan sinetsi duten guztiei mailari zergatik eutsi diogun erakustea".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide