Imanol Arizmendik master 30 mailako Medio Cudeyoko Udalaren II. Saria irabazi du

Andoni Elduaien 2022ko mar. 28a, 14:30

Imanol Arizmendi, Solaresen. (Argazkiak: utzitakoa)

Master 30 kategorian irabazi zuen Arizmendik Medio Cudeyoko Udalaren (Espainia) sariketa. Lasterketa laugarren postuan amaitu zuen, baina bere kategoriako onena izan zen txirrindulari azkoitiarra.

Imanol Arizmendi AC Hotels by Marriott Cycling Team taldeko txirrindulari azkoitiarrak Medio Cudeyoko Udalaren II. Saria irabazi zuen herenegun, larunbata, Solaresen (Espainia). Azkoitiarra master 30 mailan ari da lehiatzen aurten, eta Arizmendi bere kategoriako azkarrena izan zen. 90 kilometroko eta 1.200 metroko desnibela zuen lasterketan parte hartu zuen hark, besteak beste, Hermosoko mendatea birritan igo baitzuten.

Hamabi lagunek osatutako ihesaldia sortu zen lasterketan, tropelarekiko minutu eta erdiko abantaila lortuta. Arizmendi tropelean zen, baina helmugarako 22 kilometroren faltan erasoa jo eta ihes egitea lortu zuen. Zazpi kilometroren faltan egin zuen bat ihesaldiko taldetxoarekin, baina ez guztiekin; izan ere, lasterketako hiru txirrindulari onenek ihesaldiko taldetxoa atzean uztea lortu zuten minutu batzuk lehenago.

Arizmendi lasterketa buruarekin bat egiten ahalegindu zen segidan, baina helmugarako azken igoeran lortu zuen haiengana iristea. Helmugan laugarrena izan zen azkenean txirrindulari azkoitiarra, lehen hiru sailkatuetatik bi segundora amaitu zuen-eta proba.

Arizmendi, podiumaren lehen koskan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide