Gustura jardun al zenuen saioan?
Bai, ofizioetan batez ere; gauza politak atera zirela uste dut. Bakarkakoan, ez zait iruditzen ezer handirik egin nuenik, baina umore puntu bat jarri nahi izan nuen, eta beharbada, hor asmatu nuen.
Erniarraitz Sariketa berezia al da?
Berezia ez dakit, baina geurea da. Erniarraitzen saltsan gabiltza, taldeak izan ditzakeen ahulaldiekin, eta txapelketa normaltasunez aurrera ateratzearen kezka bagenuen. Abesten egotetik harago, gaztetxea beteta ikusteak poza ematen du.
Txapelketa zer moduz joan da?
Txapelketa, bere horretan, ondo joan da. Aurreko astean Azkoitian abestu genuen, eta beharbada, hangoa ez zen izan finalekoa bezain beroa publikoaren aldetik. Oro har, ordea, kanporaketakoak saio onak izan direla uste dut, eta finalean erakutsi dugun maila ere halakoa izan zen.
Txapela jantzita, bertsoetan jarraitzeko asmoarekin, ezta?
Bai, jarraituko dugu. Astean zehar saiatzen gara bertsoei buelta batzuk ematen, eta plazetan, gehiago edo gutxiago, irtengo dugu. Gure buruan bueltaka behintzat jarraituko du.