Maratoi erdiak eragina izango du trafikoan eta autobus geltokietan

Andoni Elduaien 2022ko mar. 23a, 15:00

Xabier Munibe kaleko autobus geltokia, esaterako, ezeztatu egingo dute. (Lurraldebus)

Altzibar etorbideko nahiz San Martin kaleko eta Xabier Munibe kaleko autobus geltokiak ezeztatu egingo dituzte lasterketak irauten duen bitartean. Era berean, maratoi erdiaren eraginez trafikoa moztu beharko dute herriko zenbait puntutan.

Larunbatean, martxoak 26, XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko dute, eta probak eragina izango du nola autobus geltokietan hala trafikoan. Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean hasiko da proba, eta Udaltzaingoak jakinarazi duenaren arabera, 16:15ean itxiko dute trafikoa lasterketa igarotzen den puntuetan. Hain zuzen ere, Julio Urkixo etorbidea, Kale Nagusia, Altzibar etorbidea, auzo horretako biribilgunetik Garbigune parerako errepide zatia, Ibaiondo kalea, Xabier Munibe kalea, Trenbidearen Zumardiako aldapa eta Juin kalea itxiko dituzte ibilgailuentzat. Halaber, Udaltzaingoa dagoeneko hasi da zenbait aparkaleku hesitzen, probaren egunean ezingo baita hesitutako gunetan ibilgailurik aparkatu.

Udaltzaingoak aurreikusi du 17:30erako zabalik izango direla puntu horiek guztiak, baina itxita dauden bitartean herrigunetik irteteko errepideak irekita egongo direla nabarmendu dute. Zumarragarako bidea, esaterako, irekita egongo da, nahiz eta Garbigune parera arte errepidea itxita egon. Ugarte industrialdeko errepidea erabilgarri izango dute ibilgailuek. Era berean, Auzmendi Bidea kalea ere irekita egongo da Azkarate aldera bideratzeko. San Martin auzoko bizilagunentzat, berriz, aldizkako zirkulazio etenak egingo ditu Udaltzaingoak.

Aldaketak autobus geltokietan

Lurraldebusek, bestalde, herriguneko autobus geltokietan zenbait aldaketa izango direla jakinarazi du. Altzibar etorbideko eta San Martin nahiz Munibe kaleetako geltokiak ezeztatu egingo dituzte lasterketak irauten duen bitartean, eta horien ordez, Altzibarko eta Txerloiako biribilgunetan egingo dituzte geldialdiak autobusek.

UK01 lineako 16:45eko Azkoitia-Donostia autobus zerbitzuak Txerloiako biribilgunean izango du geltoki bakarra; Altzibarko biribilgunean ez da geldituko. Gainerakoan, Donostiatik 16:05ean eta 17:05ean abiatzen den linea bereko autobusetan, UK02 lineako 16:30eko Errezil-Azkoitia autobusean, UK03 lineako 16:05eko Zarautz-Azkoitia autobusean eta UK05 lineako 16:40eko Ermua-Azkoitia autobusean izango du eragina autobus geltokien aldaketak. UK06 lineako 16:10eko Zumarraga-Zumaia eta 16:45eko Zumaia-Zumarraga zerbitzuetan ere eragingo du geraleku aldaketak. Zerbitzu horiek guztietako autobusa Txerloiako eta Altzibarko biribilguneetan geldituko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide