Adinekoen egoitzetako langileek 258. greba eguna egingo dute bihar

Andoni Elduaien 2022ko mar. 23a, 12:40

San Jose egoitzako langileak, gaurko elkarretaratzean. (Argazkia: ELA)

Bizi duten egoera salatzeko eta Aldundiari nahiz patronalei bilera eskatzeko, adinekoen egoitzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean. San Jose egoitzako langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta hainbat aldarrikapen mezu zabaldu nahi izan dituzte kartelak eskuetan hartuta.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako ELAko langileek 258. greba eguna egingo dute bihar, osteguna. Gaur, aldiz, langileek elkarretaratzeak egin dituzte adinekoen egoitzen atarian, zentro horietako egoera "gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa" dela salatzeko. Azkoitiko San Jose egoitzako langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta zenbait kartel eskuetan hartuta atera dira atarira.

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuari bilera eta sektorerako hitzarmena eskatu dizkio ELAk, eta bide batez, salatu du lanegun arrunt batean greba egun batean baino langile gutxiago daudela. "Greban jarraituko dugu, nahiz eta %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita grebarako eskubidea ukatzen diguten. Isilik nahi gaituzte, baina ez dugu etsiko Aldundiaren eta patronalen jarrera aldatu arte", nabarmendu du sindikatuak.

ELA sindikatuarentzat egoitzen eredua "ankerra" da, eta pandemiak nahiz haren ondorioek "prekarioak" ziren lan baldintzak "okertu" egin dituzte. "Lehen langile kopurua eta ratioak oso eskasak zirela salatzen bagenuen, orain, egoera are okerragoak dira, ez baitira ordezkapenak egiten. Lan baldintzak gogorrak dira, eta horregatik, inork ez du egoitzetan lan egin nahi". Halaber, adierazi du gero eta langile gutxiago direla egoitzetan lanean ari direnak, eta horiek "lan karga handiagoari" eta "baldintza prekarioagoei" egin behar izaten dietela aurre. "Langileengan eta egoiliarrengan ondorio kaltegarriak ditu horrek guztiak. Egoitzetako zerbitzua gero eta okerragoa da, eta Aldundiak beste aldera begira jarraitzen du".

Sindikatua bilera eske

ELAk jakinarazi duenez, Aldundiari hainbat bilera eskaera egin dizkiote, azkena otsailaren 14ko greba egunean egin zuten hamaika eragileren atxikipenarekin. Sindikatuaren arabera, ordea, erakundeak ez du "inolako erantzukizunik" hartu. ELArentzat "beharrezkoa" da bilera bat egitea gatazka konpontzeko. "Langileek, sindikatuek, senideek eta bestelako eragileek egindako bilera eskaerari ez dio erantzun ere egin Aldundiak. Beste behin, erakundeak duen jarrera antidemokratikoa eta egoerarekiko utzikeria erakusten du horrek". Bestalde, salatu dute patronalek "inoiz baino negozio handiagoa" egin dutela pandemiaren eta Aldundiaren "utzikeriaren" kontura.

ELAk azpimarratu du "borrokan" jarraituko dutela, "ez egoiliarrek eta ez langileek ez dutelako merezi bizitzen ari direna". Gaurko elkarretaratzearen ondotik, bihar, martxoak 24, greba egingo dute adinekoen egoitzetako langileek. Eguna baliatuko dute, gainera, Lan Harremanen Kontseiluan Aldundiari eta Patronalari  bilera eskatzeko. 11:00etan, egingo dute elkarretaratzea kontseilu horren Donostiako egoitzaren parean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide