Anaitasunaren gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldeek ez dute garaipena eskuratzerik lortu asteburuan. Larunbatean, mutilek bana berdindu zuten Txerloian Vitoria taldearekin, eta atzo, igandea, neskek 3 eta 1 galdu zuten Eibar liderraren aurka.
Jokin Aranbarri Vitoriako entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldearen bisita izan zuen Anaitasunak larunbatean. Oso aukera gutxiko partida jokatu zuten Anaitasunak eta Vitoriak Txerloian. 12. minutuan, kanpoko taldeak izan zuen lehen abagunea, baina Ander Rementeria Anaitasunako atezain eibartarrak erantzun ona eman zion jaurtiketari, baloia kornerrera urrunduz. Anaitasunak gola lortu baino lehen penaltia ere eskatu zuen, baina epaileak ez zuen halakorik ikusi Agirreren jokaldian.
Neurketako ordu erdia betetzear zela iritsi zen, ordea, Anaitasunaren gola. Ezker hegaletik saiatu zen taldea bisitariei min egiten, eta Vitoriako atzelari batek baloia pasatzen utzi nahi izan zuen, beraien aldeko ateko sakea lortzeko asmoz. Ander Arabaolaza, ordea, argi aritu zen jokaldi horretan, eta atzelariari baloia lapurtu ondoren, beste aldean bakarrik zegoen Mikel Aramendiri egin zion pasea. Ezker jokalariak ez zuen hutsik egin ate aurrean, eta eskuinez, aurretik jarri zuen Anaitasuna. Mikel Pastrianek ere gertu izan zuen gola handik minutu batzuetara, baina area kanpotik egindako jaurtiketan zutoinaren ondotik kanpora joan zen baloia.
Bigarren zatiari lehenari bezala ekin zioten bi taldeek. Partidan oso sartuta egon zen Anaitasuna, baina 52. minutuko korner batean ez ziren fin ibili azkoitiarrak. Vitoriak korner luzea erdiratu zuen, eta han buruz lehia irabazita, baloia area barruan jaberik gelditu zen, solte. Aldaratze hura ezin hobeto baliatu zuten bisitariek norgehiagoka berdintzeko. Ordurako Vitoriarena zen baloiaren jabetza, eta Anaitasunak presio lanean oinarritu zuen lana. Hala eta guztiz ere, Vitoria ez zen izan Remenen atea arriskuan jartzeko gai, eta partida irabazteko aukera garbiena etxekoena izan zen. 72. minutuan, Julen Aramendik korrikaldi luzea egin zuen zelai erditik area barruraino. Ate aurrean jaurtiketa egiteko gai izan zen hura, baina atezainak geldiketa ona eginda erantzun zion gorrixen abaguneari.
Hori horrela, puntuak banatu zituzten Txerloian Anaitasunak eta Vitoriak. 45 punturekin, sailkapeneko hamargarrena da egun Xabi Artetxek zuzentzen duen taldea. Zortzi puntura ditu igoeragatik borrokatzeko play-off postuak, eta 11 puntura jaitsiera postuak. Datorren igandean, 17:30ean, Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko dute Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian.
Neskek ezin liderrarekin
Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak Eibarko Unbe zelaian jokatu zuen atzo, igandea. 3 eta 1 galdu zuten gorrixek sailkapeneko eta txapelketako talderik onenaren aurka. Eibar liderraren etxean goizo hasi zen irabazten Anaitasuna; 5. minutuan, Oihane Ucin aurrelariak lortu zuen gorrixen aldeko gola.
Atsedenaldira aurretik iritsi zen Anaitasuna, baina handik bueltan etxeko taldeak ez zuen errukirik izan 69. minututik 75. minutura bitartean hiru gol egin zituzten eibartarrek, kolpe gutxian markagailua irauliz eta garaipena bideratuz. Anaitasuna sailkapeneko hirugarrena da egun, 41 punturekin. Datorren asteburuan, sailkapeneko bigarrena den Zarautzen aurka neurtuko dituzte indarrak azkoitiarrek.