Iraurgi eta Bizkargi abesbatzen emanaldiarekin abiatu dute Taldez Talde ekimena

Andoni Elduaien 2022ko mar. 20a, 15:02

XXI. Taldez Talde ekimenaren barruko lehen emanaldia izan da gaurkoa. Bizkargi eta Iraurgi abesbatzen kontzertuez gozatzeko aukera izan dute herritarrek.

Gaur, igandea, abiatu dute herriko musika eta dantza taldeen Taldez Talde ekimena; XXI. aldia du aurten Taldez Taldek. Bizkargi eta Iraurgi abesbatzek eskaini dute kontzertua Kontzejupean. Beste behin, pilotalekua txiki gelditu da, eta ikus-entzuleek gogotik txalotu dituzte bi abesbatzen emanaldiak.

Bizkargi abesbatzak Loretxoa, Vois sur ton chemin, Viva la vida, Euritan dantzan eta Dancing Queen abestiak kantatu dituzte Maje Larrañagak zuzenduta; Marijose Arregiren piano doinuak izan dituzte bidelagun. Iraurgi abesbatza, berriz, Iñaki Maidaganek zuzenduko du, eta Neskatxa ederra, Guantanamera, Color esperanza eta Viva la gente kantuak abestu dituzte. Bi abesbatzak elkarrekin ere aritu dira emanaldiaren amaieran, eta Kalliolle Kukkulall nahiz Ipharadisi abestiak abestu dituzte.

Taldez Talderen bigarren emanaldia martxoaren 27an izango da, eta orduan Bizkargi eskolak folk musika tresna ikasleak eta dantzariak arituko dira. Apirilaren 3an izango da hirugarren eta azken emanaldia, eta musika tresna instrumentalaren doinuak entzuteko aukera izango dute herritarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide