Oinarrizko produktuen biltegia sostengatzeko kanpaina antolatu du Kontseilu Sozialistak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 18a, 09:30

Oinarrizko produktuen biltegian hartutako argazkia. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Ogi apurrik ez! Elkartasuna eta borroka leloarekin, ikasleekin solasaldiak eta janari bilketak egingo dituzte Azpeitiko ikastetxeetan. Apirilaren 1ean Joseba Tapiak kontzertua emango du Azkoitiko Baztartxon, eta apirilaren 8an mobilizazioarekin eta kontzertuekin itxiko dute kanpaina.

Esklabetako oinarrizko produktuen biltegiak bi urte bete dituenean, biltegi hori sostengatzeko kanpaina berria abian jarri du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, Ogi apurrik ez! Elkartasuna eta borroka leloarekin.

Martxoko azken asterako eta apirileko lehen egunetarako ekintzak prestatu ditu Kontseilu Sozialistak kanpaina horren barruan. Batetik, martxoaren 28tik apirilaren 1a bitartean, ikasleekin solasaldiak eta janari bilketak egingo dituzte Azpeitiko ikastetxeetan. Apirilaren 1ean, berriz, Joseba Tapiak kontzertua emango du kanpainaren barruan Azkoitiko Baztartxo antzokian. Emanaldi horretarako sarrerak 15 eurotan eros daitezke Interneten (hemen), baina Azkoitiko Dean eta Azpeitiko Haginpen ere salgai dituzte, 15 eurotan landunentzat eta 10 eurotan langabeentzat; kontzertua 22:00etan hasiko da, eta egunean bertan Baztartxoko leihatilan ere jarriko dituzte salgai txartelak. Apirilaren 8an bukatuko dira Ogi apurrik ez! Elkartasuna eta borroka kanpainaren barruko ekintzak. Egun horretan, 19:00etan mobilizazioa egingo du Kontseilu Sozialistak Esklabetan, eta 22:00etatik aurrera Boot Boys eta Sofokaos taldeen kontzertuak eta DJak izango dira Azpeitiko Gaztetxean.

Kanpainaren testuingurua azaldu dute bideo honetan eta sare sozialetan Kontseilu Sozialistako kideek. "Oinarrizko produktuen biltegia martxan jarri izanaren arrazoia argi gelditu da. Egun, 220 pertsonak hartzen dituzte oinarrizko produktuak egunerokotasunean, baina eskaera 500dik gorakoa da", kontatu dute. 2022. urte hasiera honetako prezioen gorakadak erasan du oinarrizko produktuen biltegiaren jarduna, eta horri aurre egitera dator, besteak beste, kanpaina. Erakundeek jartzen dizkieten "oztopoak" aipatu dituzte, proiektuaren "sostengu bakarra langileon arteko elkartasuna" dela adierazi dute, eta kapitalismoaren barruan "pobrezia estrukturala izanik", sistema hori gainditzeko "bitartekoak sortzen jarraitzea" dagokiela nabarmendu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide