Igandean, martxoak 20, hasiko da XXI. Talde Talde ekimena. Bizkargi eskolak eta herriko zenbait taldek, hala nola Iraurgi abesbatzak eta Udal Musika Bandak, parte hartzen dute Talde Talde ekimenean. Hori horrela, datozen hiru igandetan izango dira saioak Kontzejupean, eta lehen emanaldia datorren igandean eskainiko dute Iraurgi eta Bizkargi abesbatzek.
12:30ean hasiko da bi abesbatzen kontzertua, eta hainbat abesti eskainiko dituzte Kontzejupean bildutako herritarren aurrean. Bizkargi abesbatzak Loretxoa, Vois sur ton chemin, Viva la vida, Euritan dantzan eta Dancing Queen abestiak kantatuko dituzte Maje Larrañagak zuzenduta; Marijose Arregiren piano doinuak izango dituzte bidelagun. Iraurgi abesbatza, berriz, Iñaki Maidaganek zuzenduko du, eta Neskatxa ederra, Guantanamera, Color esperanza eta Viva la gente kantuak abestuko dituzte. Bi abesbatzak elkarrekin ere arituko dira, eta Kalliolle Kukkulall nahiz Ipharadisi abestiak eskainiko dituzte.
Taldez Talderen bigarren emanaldia martxoaren 27an izango da, eta orduan Bizkargi eskolak folk musika tresna ikasleak eta dantzariak arituko dira. Apirilaren 3an izango da hirugarren eta azken emanaldia, eta musika tresna instrumentalaren doinuak entzuteko aukera izango dute herritarrek.
Emanaldi gehiago
Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek aste honetan emanaldi gehiago ere eskainiko dituzte. Bihar, ostirala, piano ikasleek entzunaldia eskainiko dute Elkargunean. Igandean, berriz, Elkar+ekin dantzan ekimenean parte hartuko dute dantza eskolako zenbait ikaslek.