Datorren igandean, martxoak 20, Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako XI. Erniarraitz Sariketako azken kanporaketa jokatuko dute Azkoitiko Kultur Etxean. 17:00etan hasita, sei bertsolarik parte hartuko dute saioan: Maider Garmendia, Bittor Altube, Paula Loizaga, Aner Euzkitze, Oier Etxeberria eta Julene Iturbe azkoitiarra.
Azkoitikoa izango da sariketako azken kanporaketa, eta saio horren ondoren erabakiko da zein sei bertsolarik parte hartuko duten finalean. Izan ere, martxoaren 25ean jokatuko dute finala Azpeitiko Gaztetxean. Finalerako bi bertsolari daude dagoeneko sailkatuta: Errezilgo saioa Txaber Altubek irabazi zuen, eta Zestoan jokatutako kanporaketan Oihana Arana nagusitu zen. Beste bi kanporaketetan bezala, Azkoitiko kanporaketako irabazlea ere zuzenean sailkatuko da Azpeitiko finalera. Finalean arituko diren beste hiru bertsolariak, berriz, hiru kanporaketetan puntu gehien bildu dituzten beste hiru bertsolariak izango dira.
Sariketako azken kanporaketa zuzenean jarraitu nahi dutenek egunean bertan eskuratu beharko dituzte sarrerak Azkoitiko Kultur Etxean, 5 euroan.