Nekatuta –baina ez arnas estuka, ezta hurrik eman ere-, baina pozik eta bere buruari ezarritako helburua aise bete duelako gustura. Horrela iritsi da gaur arratsaldean Imanol Aleson Balda plazara. Urolako Itzuliaren 140 kilometroak jarraian eta 24 orduz azpitik egitea, eta batik bat, Marea Urdinaren inklusioaren aldeko lanari ikusgarritasuna ematea ziren egitasmoaren helburuak, eta ondo beteta gelditu dira Alesonen eskutik. 18:30 aldera, 23 ordu eta erdi pasatxotan, itzuli da atzo 19:00etan irten zen toki berera.
Txalo artean hartu dute korrikalaria Balda plazan elkartutakoek, ongietorri beroa eginez. Marea Urdinako kideak ez ezik, herriko haur eta gaztetxo ugari batu da Baldan. Guztiak agurtu, batzuekin eta besteekin berriketan egin, Urolako Itzuliaren esperientzia motxean azaldu, eta ia 24 ordu horietan ondoan izan dituen lagunei eskerrak eman dizkie Alesonek; izan ere, kilometroren bat kenduta, inoiz ez dute bakarrik utzi azkoitiarra, beti izan du bakarren bat bere ondoan lasterka edota oinez.
Laguntza hori eskertu du Alesonek, eta gaurko hitzordurako espreski prestatutako txapelarekin eskertu dute, besteak beste, Marea Urdinakoek Azkoitiko kirolariak elkartearen alde egindako ahalegina.
Gaurko ongietorriaren irudiekin eta Alesonen zein Marea Urdinako kideen adierazpenekin osatutako bideoa ikusgai izango da bihar Maxixatzen.eus-en.