Martxan da Marea Urdinaren aldeko Imanol Alesonen erronka berria

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 10a, 19:59

Urolako Itzulia 24 orduz azpitik osatzea da lasterkari azkoitiarraren helburua. 19:00etan abiatu da Balda plazatik eta biharko 19:00etarako bertara itzultzea du asmoa, mendiz mendi 140 kilometroko ibilbidea borobilduta.

Marea Urdina elkarteko kideen eta Balda plazako terrazetan zeuden herritarren txalo artean eta babesarekin ekin dio Imanol Alesonek bere buruari jarritako azken erronka. Marea Urdinaren alde, Urola bailarako mendi eta haranetan barrena ibiliko da korrika atleta azkoitiarra, erronka honetarako 'azkoitiartu' duten Urolako Itzulia osatzeko. 140 kilometroko ibilbidea da guztira, eta 24 orduren barruan osatzea da Alesonen erronka. 19:00etan puntuan irten da gaur Balda plazatik, eta biharko 19:00etarako toki berera itzultzea du helburu.

Bien bitartean, Azkarate, Elosua, Gorla, Deskarga, Udana, Aztiria, Madariaga, Zumarraga, Antigua, Mandubia, Santa Ageda, Urraki, Trintxera, Iturriotz, Urdaneta, Meaga, Garate, Santioko hondartza, Zumaia, Elorrixa, Endoia eta Aittola zeharkatuko ditu Alesonek. Berea da erronka, baina bidea ez du bakarrik egingo; hasteko, Ixaka Oñederra behintzat ondoan izango du lehen kilometroetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide