Eduki babestua

Abiatu du Errigorak udaberriko kanpaina

Maxixatzen.eus 2022ko mar. 10a, 10:36

Nafarroan ekoiztutako oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu du Nafarroa hegoaldeko ekimenak, eta eskaerak martxoaren 30erako egin beharko dira.

Bertakoa jan, ekonomian eragin eta, gainera, euskara sustatu. Horiek dira Errigora egitasmoaren saskia erosiz gero lagunduko dituzun helburuak. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera 2013. urtetik.

Orain, udaberriko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina jarri dute abian, eta oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu dute. Martxoaren 30era arte iraungo du kanpainak, eta eskaerak Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz egin daitezke (errigora.eus webgunean edo 848 87 12 23 telefono zenbakian).

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko produktuekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dizugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez", agertu dute Errigora egitasmoaren arduradunek.

Errigorako udaberriko produktuak eskatzen dituztenek apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran jasoko dituzte produktuak, eskaera egitean aukeratutako gunean, zehaztutako egutegi eta ordutegian. Ordainketari dagokionez, berriz, online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera eskainiko dute. Bestela, dena batera ordaindu beharko da, eskudirutan, produktuan jasotzerakoan.

Hazi, baina ez edonola

"Asmo handiak izanagatik, oinak lurrean ditugu. Hazi egin nahi dugu, bai, baina ez edonola. Errigoraren komunitatea koskortzen ari da, eta gero eta produktu gehiago eskatzen dizkio Nafarroako baratzeari. Baina, plateretik baratzerako bidea ezin da izan autobide bat, ezpada bidezidor eder bat. Izan ere, gure xede nagusietakoa da, emeki-emeki, bestelako ekoizpen eta banaketa ereduak ohiko bihurtzea", adierazi dute egitasmoaren arduradunek.

Horretan ari dira azken urteotan, Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak ekimenaren asmoak betetzera bideratuz. Hala nola, lur eremu berriak jarri dituzte bestelako ereduen esku, kanpotik ekartzen zituzten produktuen ekoizpena bertan, Nafarroan, berreskuratzen lagundu dute, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diote eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiote. "Bistan da hori guztia ez dagoela egun batetik bestera egiterik, eta oraindik bide luzea dugu elikadura burujabetzara, baina, sarri esan dugun bezala, ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daiteke kontsumitzeko modua aldatzea", adierazi dute Errigorako kideek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide