Azkoitiko Udalbatzak joan zen urtarrilean onartu zuen Idiakez Ederra etxearen salmenta lizitaziora ateratzea, eta hilaren amaieran amaitu zen hura erosteko eskaintzak aurkezteko epea. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, hiru enpresak proposamen bat aurkeztu dute, eta erakundeak esleipena ontzat jotzen badu, aldi baterako enpresa batasuna eratuko dute hiruek. Honako hauek dira lizitaziora aurkeztu diren enpresak: Altuna y Uria, Campezo eta Teusa.
Proposamena esku artean, kontratazio mahaiak artxibo elektronikoak zabaldu ditu goizean, lizitazio telematikoa ezarri bitartean. Udalak azaldu du orain teknikariei eta lizitazio mahaiko aholkulariei dagokiela, esleipen irizpideen arabera, jasotako eskaintza aztertzea, eta ondoren txostena helaraziko diote kontratazio organoari, hark bere balorazioa egin dezan. Ondoren, berriz bilduko da kontratazio mahaia eta jarraian hirugarren artxiboa irekiko dute. Bide hori egindakoan, udalbatzak bozkatuko du esleipen proposamena udalbatzarrean.
1619an eraikitako eraikin historikoa da Idiakez Ederra etxea, eta Kultur Ondasun moduan izendatuta dago. Ondorioz, udalak hainbat oztopo izan ditu azken urteetan eraikin horri aterabide bat topatzeko. Hain zuzen ere, 2020ko martxoan, Visesak lizitaziora atera zituen obrak babestutako etxebizitzak egiteko. Halere, uztailean sozietateak hitzarmena bertan behera utzi zuen, eta udalak hutsetik hasi behar izan zuen Nagusia 80 eraikinaren proiektua. Hori hala, erakundeak ekimen pribatuari "aukera ematea" erabaki zuen urtarrilean, bertan etxebizitza libreak eraiki ahal izan daitezen. Orain, lizitaziora aurkeztu den proposamenak eskakizun guztiak betetzen baditu, kontratua "formalizatu" eta eraikin historikoa birgaitu egingo dute.