Enpresa txikien digitalizaziorako dirulaguntzak jarri ditu martxan Espainiako Gobernuak

Julene Frantzesena 2022ko mar. 9a, 08:28

Merkatuan eskuragarri dauden aterabide digitalak ezartzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan erakundeak, eta edozein sektore edo negozio motatako enpresa txikiek, mikroenpresek nahiz langile autonomoek eska ditzakete horiek.

Espainiako Gobernuak digitalizazioan aurrerapausoak emateko merkatuan eskuragarri dauden aterabide digitalak ezartzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan. Edozein sektore edo negozio motatako enpresa txikiek, mikroenpresek nahiz langile autonomoek eska ditzakete horiek.

Kit Digital programa jarri dute martxan, besteak beste, webguneen presentzian, merkataritza elektronikoan, sare sozialen kudeaketan, bezeroen kudeaketan, analitiketan, prozesuen kudeaketan, faktura elektronikoan, bulego birtualeko zerbitzuan, komunikazio aseguruan nahiz zibersegurtasunean eragiteko asmoz.

Bonuak eskatzeko Acelera Pyme-ren webgunean erregistratu eta diagnostiko digitalaren testa bete, irtenbide digitalaren eremua zehaztu, bonuaren eskaera izapidetu eta digitalizazio agentearekin kontaktuan jarri beharko da. Laguntzak langile kopuruaren eta aukeratutako aterabide digitalaren arabera emango dituzte: 0 eta 2 langile arteko enpresek 2.000 eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute; 3 eta 9 langile artekoek, 6.000 eurokoa; eta 10 eta 49 langileen artekoek 12.000 euro.

10 eta 49 langile arteko enpresa txikiek martxoaren 15etik, asteartea, aurrera egin ahal izango dituzte dirulaguntza eskaerak, eta horretarako epea irailaren 15ean itxiko dute. Enpresa txikiek edo mikroenpresek, 3 eta 9 langile artekoek, ekainean egin beharko dute eskaera –oraindik ez dute zehaztu epea–, eta 0 eta 2 langile artekoek, berriz, urrian –oraindik ez dute zehaztu epea–.

Informazio gehiago behar izanez gero, enpresek Iraurgi Berritzenekin jarri beharko dute harremanetan, 685 73 37 70 (Jaione Valverde), 688 76 24 63 (Sara Ibarzabal), 688 71 87 77 (Alazne Larrañaga) edo 634 49 72 31 (Ione Eizagirre) telefono zenbakira deituta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide