Puntu banarekin amaitu dute asteburua Anaitasunaren bi talde nagusiek

Anartz Izagirre 2022ko mar. 7a, 10:47

Anaitasunaren eta Pasaiaren arteko norgehiagokako irudia. (Anaitasuna)

Mutilen lehen taldeak Pasaiaren aurka neurtu zituen indarrak zapatuan, Txerloian, eta markagailua hutsean amaitu zen. Nesken lehen taldeak, aldiz, Basauriren aurka jokatu zuen partida etxetik kanpo, eta 2-2 amaitu zen norgehiagoka. Bi taldeek, beraz, puntu bana erdietsi dute.

Asteburua gazi gozoa izan da Anaitasuna klubeko bi talde nagusientzat. Espainiako Hirugarren Mailako mutilen taldeak etxean jokatu zuen partida zapatuan, hilak 5, Pasaiaren aurka, eta jokalariek ez zuten zelaian golik sareratzerik lortu; beraz, hutsean amaitu zen norgehiagoka, eta puntu batekin konformatu behar izan zuten Xabi Artetxeren mutilek. 30 jardunaldiren ostean, 10. postuan dago egun Anaitasunaren mutilen taldea, 41 punturekin. Hurrengo jardunaldia Amurrion (Araba) jokatuko du taldeak, 17:00etan, Basarte zelaian.

Emakumeen Euskal Ligan jokatzen duen Anaitasunaren taldeak ere puntu bana lortu ahal izan zuen asteburuko partidan. Atzo, igandea, jokatu zuten partida Basaurin (Bizkaia), eta 2-2 amaitu zen partida. Leire Ucinek eta Oihane Ucinek egin zituzten Anaitasunaten bi golak, eta atzoko norgehiagokaren ostean sailkapeneko hirugarren postuan dago Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldea, arerioek baino partida bat gutxiago jokatuta. Aste honetako jardunaldia etxean jokatuko dute, larunbatean, Leioako Emakumeak taldearen aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide