Azkoitiko Gazte Asanbladak "gogoz" hasi du urtea, eta datozen hilabeteei indarberrituta ekiteko asmoz, egun osoko egitaraua antolatu du datorren larunbaterako, hilak 12. Iaz sortu zuten Azkoitiko Gazte Asanblada, eta hasierako pausoak eman ostean, helburu eta erronka berriak jarri dizkiote taldeari. Hori dela eta, asanblada irekia antolatu dute larunbaterako. Elkargunean jarri dute hitzordua 11:30ean, eta bertan azalduko dituzte taldearen funtzionamendua, datozen hilabeteetarako dituzten asmoak eta proposamenak.
Ondoren, bazkaria egingo dute Goikolosan, 14:00etan hasita. Jarraian, 17:00etan hasita, kontzertu bana eskainiko dute Azpeitiko No Placek eta Ukabil musika taldeek. Zuzenekoak ere Goikolosan izango dira. Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, eguraldi txarra egitekotan Kontzejupean egingo dituzte bazkaria nahiz kontzertuak, eta horietarako ez da aurrez sarrerarik erosi beharko. "Nahi duenak borondatea jartzeko aukera izango du, baina ez da sarrerarik ordaindu beharko", adierazi dute.
Urte berria irudi berriarekin ere hasi dute asanbladako kideek. Iaz, emakumezko eta gizonezko banaren marrazkia erabili zuten asanbladari irudia jartzeko. Orain, itxura berria eman diote logoari, eta Azkoitiko irudi den zakela erabili dute marrazkirako.