Gero eta gutxiago falta da 22. Korrikak Euskal Herria alderik alde zeharkatzeko, eta prestaketa eta girotze lanak martxan daude aspalditik. Hori dela eta, Korrika Kulturalaren barruan, gaztetxoek Korrika Txikia egin dute gaur arratsaldean Txerloia futbol zelaian, AEK-k eta Anaitasuna futbol taldeak antolatuta.
Hain zuzen, Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak Pasaiaren aurka jokatu duen partidaren atsedenaldian, 17:15ean hasita, egin dute Korrika Txikia, eta hainbat gaztetxo animatu da bertan parte hartzera. Zelaiaren ondotik bi itzuli eman dituzte, eta amaieran lelukoaren barruko mezua irakurri du Anaitasunako kide batek, Txerloiko harmailan elkartutako zaleen aurrean. Txaloz hartu dute haiek Korrika Txikia nahiz egitasmoaren eta euskararen aldeko mezua. Anaitasunak, ohi bezala, 22. Korrika babestu du, eta gaurko hitzordua prestatzen alea jarri ez ezik, diruz ere lagundu du egitasmoa. Gainera, klubak Korrikaren aldeko saski bat zozkatu du partidara bertaratu diren zaleen artean.
Hona hemen Korrika Txikiaren lekukoak zeraman mezua:
Azkoititik apirilaren 8an, ostirala, pasatuko da 22. Korrika, 14:07ean. Aurten, azpeitiarren eskutik jasoko du Azkoitiko herriak Korrikaren lekukoa, eta herriko errepideetan zein kaleetan eskuz esku ibili ondoren, urretxuarrei emango diete azkoitiarrek lekukoa, haiek beraien bidea osatu dezaten.