Literatur lan mamitsuak eta gizarte gaiei lotutakoak utzi ditu Bizenta Mogel sariketaren 40. edizioak

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 5a, 12:16

Aurtengoa euskarazko literatura sustatzeko lehiaketaren 40. edizioa izan da, eta guztira 39 lan aurkeztu dituzte. Elena Aierbe tolosarrak irabazi du lehen saria Atxumarrikoak ipuinarengatik, eta hark Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso zuen saria. Bigarren saria Azkoitian geratu da. Hain zuzen, Lander Albizuri azkoitiarrak jaso du bigarren saria, Argazkilari baten memoriak lanarengatik. Azkoitiarra aurrenekoz aurkeztu da sariketara, eta "oso pozik" agertu da izandako emaitzarekin. Gainera, idazten jarraitzeko asmoa duela azpimarratu du. Hirugarren saria, Iñaki Sanz hernaniarrak irabazi du Bizimina obrarekin.

Musika goxoz girotuta eta Bizenta Mogel gogora ekarriz egin dute beste urte batez Azkoitiko Udalak eta Kultur Elkarteak antolatutako Bizenta Mogel literatur lehiaketaren sari banaketa. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia, udaletxeko areto nagusia jendez beteta zegoela. Elena Aierbe tolosarrak irabazi du lehen saria Atxumarrikoak ipuinarengatik, eta hark Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso zuen saria. Bigarren saria Azkoitian geratu da. Hain zuzen, Lander Albizuri azkoitiarrak jaso du bigarren saria, Argazkilari baten memoriak lanarengatik. Hirugarren saria, Iñaki sanz hernaniarrak irabazi du Bizimina obrarekin.

Aurtengoa euskarazko literatura sustatzeko lehiaketaren 40. Edizioa izan da, eta guztira 39 lan aurkeztu dituzte. Aurten, ondo jositako lanak, kalitate handikoak eta mamitsuak jaso dituztela azaldu zuen Sonia Vazquez kultur zinegotziak, eta zentzu horretan parte-hartzaileen lana eta ekarpena eskertuz ekin zioten sari banaketari.

Javier Zubizarreta alkateak adierazi zuen "literatura, zerbait izatekotan, bizipen iturri" dela, eta eskerrak eman zizkien parte-hartzaileei, haien lanak partekatzeagatik eta horrela herritarrei sormenetik edaten jarraitzeko aukera eskaintzeagatik. Era berean, ipuin lehiaketaren ibilbideari eta Bizenta Mogelen irudiari egin zion erreferentzia. "40 urte erraz esaten da", adieraziz hasi zuen hitzartzea Azkoitiko alkateak, eta urteetan egindako lanari balioa eman nahi izan zion ekitaldian.

Epaimahaikideen esanetan, gai sozialak landu dituzte bereziki  lehiaketaren 40. ediziora aurkeztu diren idazleek. Hirugarren saria jaso zuen Iñaki Sanzen lana horietako bat da. Hark une txar batean izandako bizipen batetik abiatuta idatzi du ipuina, eta gizakiak naturarekin duen harremanaz eta bizimodu urbanoaren eraginaz mintzatu da sariketara aurkeztutako lanean. Juan Bautista Mendizabalek eman zion oroigarria Sanzi, eta hitza hartzeko probestu zuen. Lehiaketaren 40 urteko ibilbidean beren alea jarri duten herritarren ekarpena azpimarratu zuen Mendizabalek, eta gogora ekarri zituen gazte zireneko garaiak –haiek 20 urte inguru zituztela ekin baitzioten sariketari–.  Hark jakinarazi zuenez, urte hauetan guztietan askotariko lanak jaso dituzte eta txoko desberdinetako jendea aurkeztu da lehiaketara, baina irabazleen izen-abizenak soilik jakin izan dituzte. Aurrerantzean ere literatur zaleei idaztera animatuz amaitu zuen hitzartzea, lehenago Mogeldarren sendiaz zenbait aipamen eginda. 

Lander Albizuri azkoitiarraren Argazkilari baten memoriak lanak badu sozialetik, eta baita gaurkotasunetik ere; izan ere, gerrara doan argazkilari baten bizipenak izkiriatu ditu saritutako lanean. Azkoitiko gazteak pozez hartu du saria, eta jasotako aitortza "ohorea" dela aipatu du.

Elena Aierbek irabazi du aurtengo edizioa, eta hark ere emozioz jaso du berria. Hitzartzean Bizenta Mogelen irudiaren garrantzia azpimarratu zuen Aierbek, baita euskaraz idazten jarraitzearen garrantzia ere. Euskaraz, baserriaz eta lehengo bizitzaz mintzatu da bere lanean, besteak beste.

Ekitaldia hasi bezala, Bizkargi musika eskolako kideen musikarekin amaitu zen, bertaratutakoen txalo artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide