Gontzal Mendibil eta Iraurgi abesbatza, igandeko kontzerturako prest

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 4a, 19:00

Atzo gauean elkartu ziren Mendibil eta abesbatzako kideak, igandeko kontzertua elkarrekin prestatzeko. San Juan Gurutzekoaren poema musikatuak kantatuko dituzte igandeko emanaldian. 

Gontzal Mendibilek eta Iraurgi abesbatzak kontzertua eskainiko dute igandean Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, eta dagoeneko egin dute azken entsegua. Atzo elkartu ziren Mendibil eta abesbatzako kideak, igandeko saioa elkarrekin prestatzeko.

Parrokiak eta udalak antolatu dute emanaldia, garizuma asteari modu berezian hasiera emateko. Saioa bera ere berezia izango dela adierazi dute Parrokiako kideek, kontzertuan San Juan Gurutzekoaren poema musikatuak kantatuko baitituzte. Iñaki Maidagan arituko da Iraurgi abesbatza zuzentzen.

18:00etan hasiko da emanaldia, eta Mendibilekin eta abesbatzako kideekin batera parte hartuko dute beste zenbait artistak ere. Hain zuzen, Maddi Otamendi izango da bigarren ahotsa, eta Angel Unzu, Jose Luis Canal eta Iñaki Dieguez arituko dira musikari.

Atzoko entseguan saioaren nondik norakoak elkarbanatu, eta elkarrekin abestu zituzten emanaldiko kantuak, Mendibilek eta Iraurgi abesbatzako kideek. Horrenbestez, ia dena prest dute iganderako, eta herritarrei animatzeko deia egin diete. Sarrera doakoa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide