Txikia IV.ak Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko du igandean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 4a, 12:27

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, 2019ko Urrezko Aizkolarien Ligaren finalean.

Suharri Rodriguez hernaniarrarekin bikotea osatuta ari da lehiatzen azkoitiarra txapelketa honetan. 12:00etan hasiko dira herri kirol finalak Izarraitz pilotalekuan.

Gizonen zein emakumeen Urrezko Binakako Aizkolari eta Urrezko Harri-jasotze txapelketen sei finalak jokatuko dituzte etzi Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta Julen Alberdi Txikia IV.a da gizonen aizkorako final nagusia jokatuko dutenetako bat.

Suharri Rodriguez hernaniarrarekin bikotea osatuta ari da lehiatzen azkoitiarra txapelketa honetan, eta beste hiru bikote izango dituzte aurrez aurre igandeko finalean: Hodei Ezpeleta-Ibai Soroa –Jokin Urretabizkaia Basozabalen ordez ariko da Soroa finalean, Basozabalek min hartu baitu–, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a-Julen Gabirondo eta Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia.

Emakumeen aizkorako finalean bi bikote lehiatuko dira: Nerea Sorondo eta Nerea Arruti, Laiene Pikabearen eta Irati Astondoaren kontra. Harri jasotzen, berriz, lau txapel izango dira jokoan. Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola eta Beñat Telleria dira gizonen finala jokatuko dutenak, eta emakumeen hiru finaletan bina finalista ariko dira: Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Lucia Orbek jokatuko dute maila nagusiko finala; hasiberrien finalean Lur Errekondok eta Lierni Osak neurtuko dituzte indarrak; eta Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez lehiatuko dira gazteen mailako finalean.

12:00etan hasiko dira finalak Izarraitzen, eta sarrerak egunean bertan salduko dituzte pilotalekuko txarteldegian, 25 euroren truke. Aurrez gordetzeko aukera ere badago, 685 750 848 telefono zenbakira deituta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide