Juaristi ISBk galdu egin du Palentzian

Andoni Elduaien 2022ko mar. 3a, 09:17

Juaristi ISB baino gehiago izan zen etxeko taldea. (Palencia Basket)

Azken laurdenera arte bizirik iritsi zen Juaristi ISB, baina azken laurdeneko partzialak aukerarik gabe utzi zuen Iñaki Jimenezen taldea. Astelehenean, Azkoitia-Azpeitia ISBk ere galdu egin zuen Extremaduran (Espainia).

Juaristi ISBk galdu egin zuen atzo, asteazkena, Palentzian (Espainia). COVID-19agatik atzeratu zuten partida berreskuratu zuten atzo bi taldeek; ISBk 84 eta 72 galdu zuen. Iñaki Jimenezen taldea nagusi izan zen lehen eta hirugarren laurdenetan, baina ez zen gai izan bigarren eta laugarren laurdenetan etxekoek eskuratutako errenta iraultzeko.

Etxeko taldeak indartsu ekin zion neurketari, baina intentsitateak markagailua iraultzen lagundu zion ISBri. Talde bat besteari erantzunez aritu zen lehen hamar minutuetan, eta ISBk aurretik amaitu zuen laurdena (16-17). Juaristik indartsu ekin zion bigarren laurdenari ere, baina etxeko taldeak azkar erreakzionatu zuen. Palentziarren minuturik onenak bigarren laurdenekoak izan ziren, eta atsedenaldirako zazpi puntuko abantaila lortu zuten (40-33).

Hirugarren zatiaren hasieran sei puntu lortu zituzten etxekoek erreskan, hamahiru puntu goitik jarriz. Palentziarrek partida itxi zezaketela zirudienean, ordea, ISBren erreakzioa iritsi zen, eta hiru puntura kokatu ziren (60-57). Azken hamar minutuetan erabaki zen guztia. Etxekoak hasieran astunago aritu ziren erasoan, baina, gero, hamabi puntuko partziala eskuratu zuten. ISBk orduan galdu zituen garaipena lortzeko zituen aukera guztiak.

Atzoko partidan Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra izan zen taldeko jokalari onena, 19 puntu saskiratuta eta 18 puntuko balorazioa eskuratuta. Igandean, martxoak 6, Juaristi ISBk txapelketako talde indartsuenetako batekin neurtuko ditu indarrak. Madrilgo Wizink Center pabilioira egingo du bisita 12:30ean, Movistar Estudiantes taldearen aurka lehiatzeko.

Nesken porrota astelehenean

Azkoitia-Azpeitia ISBk ere galdu egin zuen astelehenean Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen aurka. 85 eta 54 erori zen Andoni Lazkanoren taldea Extremaduran (Espainia). Atsedenaldira bost puntu atzetik iritsi zen Azkoitia-Azpeitia ISB, baina atsedenalditik bueltan etxeko taldea goitik behera nagusitu zen. Laugarren laurdenerako zeregin gutxi izan zuen ISBk Extremaduran.

Sara Iparragirre izan zen taldeko saskiratzaile nagusia (11 puntu), baita balorazio onena (15) eskuratu zuen jokalaria ere. Asteburuan Barça CBS taldearekin neurtuko ditu indarrak Azkoitia-Azpeitia ISBk. Hain zuzen ere, Palau Municipal d'esports Juan Carlos Navarro pabilioian jokatuko du larunbatean, 16:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide